Nestlék Suitzako altermundialistak espiatu zituenekoa

  • Orain arte ez da jakin urtarrilaren 24an Suitzako Lausanne hirian Nestléren aginduz Attac erakundeko militanteak espiatu zituztenen kontrako epairik. Baina frogatuta dago 2003 eta 2008 artean Securitas segurtasun konpainiak bi sator infiltratu zituela erakundean, justu hauek Attac contre l’empire Nestlé liburua prestatzen ari zirenean.


2012ko otsailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Erakundeak berak Interneten daukan argazkian Suitzako Attaceko militanteak Nestlé multinazionalaren kontra ageri dira protestan, Nespresso kafe formula –hain arrakasta handiz George Clooneyk publizitatzen duena– iragartzen duen komertzioaren atarian.

Nestlé konpainiak txoria habian bere kumeei jaten ematen erakusten du logoan. Irudi idilikoa mundu guztiak ezagutzen dio. Baina Suitzako Leman aintzira bazterreko Vevey hirian egoitza nagusia duen Nestlék arrautzak mundu osoan dauzka banatuta, ez alferrik da planetako konpainiarik handiena elikagaien alorrean.

Munduko 86 herrialdetan 280.000 langile enplegatzen ditu, 6.000 marka baino gehiagoko produktuak ekoiztu eta saltzen, izan kafe, gozoki, esneki, txokolate, zereal, izozki, salda, haurrentzako janari, ur botilaratu edo animalientzako bazka. Inperioaren salmentak ondo koipetutako marketinak primeran mugiarazten dizkion arren –Nespresso markarekin munduko jende cool guztien artean hedatu duen fenomenoari erreparatu besterik ez dago– Attac bezalako erakunde txiki bat infiltratu eta espiatu beharrean aurkitu da, non eta Suitzan bertan.

Globalizazio neoliberala salatzen duten erakundeen artean klasikoetakoa den Attac –Association pour la Taxation des Transactions financières et pour l'Action Citoyenne– erakundearen Suitzako taldeetako bat 2003. urtean Nestléri buruzko ikerlana ari zen prestatzen, gero Attac contre l’empire Nestlé liburuan mamituko zena. Vaud kantonamenduko batzordean biltzen ziren militanteek ez zioten susmo txarrik hartu taldean sartu zitzaien Sara Meylan gazteari.

Nestlégate deitu izan zaiona 2008an lehertarazi zuen Suitza frantses-hiztuneko Télé Suisse Romande kate publikoak. Horrela jakin zuten Attacekoek Nestlé multinazionalaren aginduz Securitas enpresak –multinazionala hau ere, 260.000 langile munduan barrena, nork ez ditu ezagutzen haren logoko hiru puntu gorriak...– ez bat baizik eta bi sator infiltratu zizkiela.

Estreina bere burua Sarah Meylan izen faltsuz aurkezten zuenak 2003tik 2004ra artean  zelatatu zituen, eta horren lekuan 2005ean Securitaseko arduradunek Shinta Juilland izeneko bigarrena  sartu zieten, 2008a arte Attaceko kide jarraitu zuena.

2008an afera telebistak haizatu zuenean, Attacek auzitara eraman zituen Sarah Meylan, Nesté eta Securitas, baina deusetan geratu zen: Lausanneko Jacques Antenen epaileak 2009an ebatzi zuen espioitza delituek hiru urteko biziraupena dutela, zigorrik gabe utziz.

2012ko urtarrilean kontua Suitzako eta Frantziako hedabideetan –gureetaraino ez da heldu– berritu baldin bada izan da Attaceko hamar kidek auzi zibilean Securitas enpresari 22.000 euro inguruko kalteordainak eskatu dizkiotelako. Horrek behartu ditu aurpegia ematera hiru satorretako bat eta Nestlé eta Securitaseko arduradunak.

Auzitegian Sarah Meyland deitua itxura bitxiz azaldu zen, punky moduan batzuen ustez, Millenium filmeko Lisbeth Salanderren plantak eginez. Bi urtez berarekin ordu asko emandako militanteek oso bestelako itxura batekin ezagutua zuten.

Balizko Shinta Juilland, bigarren espioia, ez zen azaldu argudiatuz hedabideek lintxatu egin nahi zutela. Honen nagusi Fanny Decreuze ere ez zen agertu. Baina azaldu zirenek bai kontatu zituzten edozein herritar kezkatuta uzteko modukoak. Konfiantzatik paranoiara

2003an hasi zen kontua, Le Monde egunkariak laburbildu duenez. Securitas konpainian Ikerketa sailaren burua zen jendarme ohi batek, S.J. hizkiz izendatua denak, Vaud eskualdeko Attaceko militanteen jarduerak zelatatzeko enkargua jaso zuen, Nestlék berak eskaturik.

Hark infiltratu zuen Sarah Meylan, zeinak bi urtetan 30 txosten pasatu baitzizkion, confidentiel moduan sailkatuak. Txostenak iritsi zitzaizkion garai hartan Nestléren komunikazio arduraduna zen Marcel Rubineri. Honek auziaren instrukzio fasean aitortu zuen satorrarekin bildu zela eta Attac prestatzen ari zen liburuaren atal osoak irakurri ahal izan zituela.

Nestléren bozeramaile zen François-Xavier Perroudek ere bazuen gauzon berri, Sarah Meylanen txostenak eskuratu zituen. Aitzakia moduan epaileari esan zion Attaceko jendearekiko jakin-mina piztu zitzaiela 2003an José Bove eta bere kide batzuek Veveyn Nestlék duen egoitzari eraso ziotenean.

Epailearen aginduz ikerketa fasean poliziak Securitas enpresa miatu zuenean, ordenagailu batean aurkitu zituen horietako txosten confidentiel batzuk, tartean Franklin Frederick ekintzaile brasildarrari egindako jarraipena, Europatik salatzen zebilenean Nestlék Brasilgo iturriak kontrolatu nahi dituela.

Urtarrileko auzian, Susan George idazle eta militante ezaguna zen kalteordainak eskatu dituztenetako bat. “Nire gune pertsonala eta profesionala inbaditze horrek sakonki astindu nau”, adierazi du epaitegi atarian. “Benetako beldurra sentitzen duzu ohartutakoan konfiantza eman diozun pertsona batek traizionatu zaituela”, esan du Attac contre l’empire Nestlé liburuaren hitzaurrea idatzi duenak.

Attaceko beste kide batek, O.E. hizkiz identifikatuak, La Libre Belgique egunkariko kazetariari hau azaldu dio: “Nestléren lehen garaipena izan da erakundea desantolatzea. Batzuk paranoian erori dira, beste batzuei zalantza handiak sortu zaizkie beren militantziaz. Baina gero denok sendotu gaitu gure  asmoetan: zelatatzen baldin bagaituzte seinale da ezkutatzeko zerbait daukatela.

Zorte gutxiago izan dute Attacekoekin elkarlanean ari ziren Kolonbiako eta Filipinetako beste militante batzuek. “2005ean Nestlék Kolonbian daraman jokabidea aztertzeko bilkura antolatu zuen MultiWatch erakundeak Bernan;  lekukotza azaldu behar zuten sindikalistetako batzuk, ordea, gurekin ari zirenak, etorri baino aste batzuk lehenago asasinatu egin zituzten”.

Kazetariak Nestléko zuzendaritzari galdetu dio gertakizun haietaz, eta multinazionalak gezurrak direla arrapostu. “Nestlék bi herrialde haietan bere langileen kontra bortizkeriarik edo heriotza mehatxurik usatu duenaz inolako frogarik ez da sekula erakutsi”, moztu du Nina Caren Backes bozeramaleak,  gehituz Alliance Sud bezalako erakundeek aitortu dituztela Kolonbian Nestlék lan baldintzak hobetzeko egin dituen ahaleginak.

Nestlégateaz albiste gehiago ez da azaldu urtarriletik, Lausanneko epaileek ez dute ebazpenik argitaratu oraino. Baina aspalditik daukate inguru hartako Attaceko militanteek ikasbidea harturik, O.E.k kazetariari esan bezala: “Gaur egun badakigu hain talde indartsu baten kontra ari garenean ez dugula izenik aipatu behar, gezurrezko izenekin jardun behar dugula”.

Informazio gehiago:

- 24 heures egunkarian, Sarah Meylanen argazkia eta epaiketaren kronika.

- La Libre Belgique egunkarian Quand Nestlé espionnait Attac kronika.

- Le Monde egunkarian L'espionnage d'Attac par Nestlé jugé au civil.

- Arnaud Crevoisier eta Yanik Sansonnens kazetarien Quand Nestlé faisait espionner Attac kronika.

- Suitzako Attac erakundearen gunean Nestlé a espionné Attac via Securitas, gaiari buruzko jarraipen osoa.

- Attac erakundearen Attac contre l’empire Nestlé liburua.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude