132 milioi euro murrizteko asmoa iragarri zuen UPNk joan den ostiralean eta PSNrekin osatzen duen gobernu akordioa krisian da orduz geroztik. Akordioa mantendu nahi badu, bi baldintza eskatu dizkio PSNk UPNri: foru agindu hori bertan behera uzteko eta "benetako egoera ekonomikoa" ezagutarazteko. Bestela, "Nafarroako Gobernua hautsi" egingo dela adierazi dute sozialistek.
Iazko ekainaren 21ean bi alderdiek sinatutako akordioari esker osatu zen Nafarroako Gobernua, baina UPNk hitzarmena hautsi egin duela dio PSNk, gobernuaren jarduerak bateratuta egingo zituztela adostu baitzuten, eta murrizketaren erabakia aldebakarrekoa izan dela salatu du. Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinak (UPN) aldiz, erantzun du gobernuaren egonkortasuna PSNk jarri duela kolokan, egoera ekonomiko "bereziki zail honetan" erantzukizunez jokatzeko garaia dela eta 132 milioi euroko murrizketa saihestezina dela.
Oposiziotik, NaBaiko Patxi Zabaletak "arinkeriaz" jokatzea leporatu die bi alderdiei. Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, "ezer ez da aldatu", eta desadostasun politikoa benetakoa bada, PSNk berehala utzi beharko luke gobernua.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.