2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, Eusko izeneko euskal moneta "ekologiko eta solidarioa" erabili ahal izango da Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, proiektuarekin bat egiten duten saltokietan. Egitasmoaren nondik norakoen berri emateko, Euskal Moneta elkarteko kide Elorri Larçabal elkarrizketatu du Gaur8 agerkariak.
Euskal Herrirako moneta propioa sortzeko ideiaz galdetuta, Larçabalek dio "ekonomia analizatuz gero, ikus dezakegula diruaren %90 baino gehiago" ez dela lurraldean egoten, "merkatu finantzieroetan" baizik: "Gure billeteak, euroak, diruaren parte minimo bat dira. Urrunago joaten bagara, esan dezakegu dirua ez dela existitzen; titulu bat besterik ez fa, paper bat. Diruaren helburuak truke sistemarako baliagarri izatea izan behar du. Lan egin ahal izatea da garrantzitsua, ekoiztu ahal izatea, lurraldean bizia izatea. Eta, horretarako, dirua manera bat da. Ez helburu bat".
"Gure helburua ekonomia lokalizatzea da, baina baita jokabideak aldatzea eta dinamika positibo batean sartzea ere", dio Euskal Monetako kideak. "Hori lortzeko, euskara eta ingurumenaren aldeko desafio batzuk sortu ditugu, eta euskoa hartuko duten zerbitzu emaileak ere engaiatuko dira desafio horiek betetzera".
Erronkak
Ingurumenari dagokionez, dendariak bertako hiru produktu proposatu beharko ditu bere saltokian saltzeko eta, posible ez den kasuetan, medikuen kasuan adibidez, bere hondakinak bereizi beharko ditu, birziklatzeko. "Euskarari buruz, euskarazko afixa jarri beharko du bere enpresa edo komertzioan. Ez badu lokalik, berak edo bere langileek egin beharko dute 35 oreneko euskarazko formakuntza ikastaro bat. Hona hemen helburua: euskaraz komunikatzea posible dela ikustea eta euskara bizi espazio publikoan agerraraztea. Horiek dira gure monetaren berezitasunak. Alemanian, adibidez, ez dago halakorik, edonork hartzen ahal du bertako moneta, baina guk nahi izan dugu zentzu bat ukan dezala".
Eta Hego Euskal Herrian?
"Hegoaldean bada interesdunik; elkarrekin egin beharko dugu lan, ikusteko nola egin Euskal Herri osorako moneta bat. Lehen bi urteetan Ipar Euskal Herrian hasi eta garatuko dugu, ikusteko nola hartua den, nola bizitzen duten, ea harpidetza handia dugun... baina helburua hedatzea da".
Informazio gehiago:
Euskal monetaren sorreran parte hartzeko boluntarioak bilatzen ari dira (2012-08-06)
Ehunka txanpon txiki herriak biziberritzeko (Pello Zubiariak ARGIAren 2.294. zenbakian plazaratutako erreportajea).
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.