Mezzogiorno. Eguzkiak ez dakar aberastasunik


2005eko irailaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Jon Torner jontorner@argia.eus 1993an, UNESCOk "Gizateriaren ondare" izendapena eman zion "I sassi di Matera" edo "Materako harriak" izeneko etxebizitza multzoari. Matera herria Italia hegoaldean dago, Basilicata eskualdean. Gaur egungo Basilicata, Abruzzo, Campania, Molise, Puglia eta Calabria eskualdeek eta Sizilia eta Sardinia irlek Mezzogiorno izenaz ezagutzen den lurraldea osatzen dute. "Mezzogiorno" hitzak "eguerdia" esan nahi du eta haren jatorria eguzkiak eguneko momentu horretan duen posizioak argitzen du. Izan ere, eguerdian eguzkia hegoaldean dago, italiarrentzat, "Mezzogiorno" izenaz bataiatu zuten lurraldean. Bada, aitzina, gaur egungo Matera herria zaintzen duten mendietan lagun ugari bizi zen, toba harrietan egindako haitzuloetan. Haitzulo horietatik makina bat belaunaldi igaro da eta duela gutxi arte jendea bizi zen haitzuloetatik ateratako harriekin eraikitako etxeetan. Han bizi ziren "azken mohikanoak" 1960an eraman zituzten Gobernuaren esku dauden etxebizitzetara. Orduz geroztik, haitzuloek ikerlarien eta turisten artean geroz eta interes handiagoa piztu dute eta duten balio historikoak bultzatuta, UNESCOk "Gizateriaren ondare" izendatu zituen duela hamabi urte. Mezzogiorno zaharra Europako herrialderik pobreenetakoa zen, Italia iparraldearen eta hegoaldearen arteko desberdintasunen erakusgarri argia. Eta hala da orain ere. Lehen etxebizitza ziren Materako haitzuloak egun taberna edo luxuzko hotelak dira. Turismoa erakartzeko amu bilakatu dira, Italia hegoaldeko beste hainbat monumentu, gaztelu, eliza nahiz hondartzekin batera. Materak eta gainerako herriek turismoa erakartzea lortu dute, baina hala ere, Italia hegoaldea Europako lurralderik pobreena da. Langabezia tasa oso altua da. Baita ikasketak amaitzen ez dituzten haurrena ere. Lehen Hezkuntza amaitzen ez duten umeen kopurua %24koa da, Europako batezbestekoa baino 2,5 bider handiagoa. Jende askok oraindik ez du etxebizitza duin bat erosteko aukerarik eta mila jaioberritik 5,7 hogeita zortzi egun igaro aurretik hiltzen dira. Gainera, mafia jaun eta jabe da eta delinkuentzia ohiko zerbait bilakatu da. Iparraldea, aitzitik, Europako lurralderik aberatsenetako bat da eta bi zonaldeen artean historikoki aski nabarmenak izan diren desberdintasunak are argiagoak dira. Aldea hain da handia, ezen iparraldeko herritarrek maiz eskatu duten Erromaren hegoaldean muga bat jartzeko, beherago dauden italiarrak "lapurrak", "gaizkileak" eta "alferrak" direlako. Oinarrizko jakirik erosteko aukerarik ez Newsweek aldizkariak Italia hegoaldeari buruzko hainbat datu jakinarazi berri ditu eta bide batez, iparraldearekiko desorekaren arrazoiak argitzen saiatu da Poor, poorer, poorest (Pobrea, pobreagoa, pobreena) artikuluan. Milango Mario Negri Institutuko kide Maurizio Bonatik dioenez, "euren seme-alabentzat oinarrizko jakirik erosi ezin duen jendeaz ari gara hitz egiten". Burlo Garofalo Trieste Institutuko Giorgio Tamburlini ikerlariaren hitzetan, bestalde, Italia hegoaldeko haur eta nerabeen %17k depresioak eta anorexia moduko gaixotasunak jasaten dituzte eta asko suizidatu egiten dira. "Guk ordaintzen ditugun zergak hegoaldeak xahutzen ditu" Iparraldeko herritarrek ez dute hegoaldeak bizi duen egoera ulertzen, beraiek ordaintzen dituzten zergak besteek xahutzen omen dituztelako. Tira, ulertu, ulertzen dute: "Han behekoak lapurrak dira, eta alfer galantak". Kontuak kontu, egia da Gobernuak bideratutako laguntzei esker hegoaldeko herrialdeek aurrerapauso handiak eman dituztela: Puglia Europako pasta ekoizle garrantzitsuena bilakatu da, Calabria zitrikoena eta Campanian, Napoles hiriburuan barne, turismoak izugarri egin du gora, Amalfi kostak eskaintzen dituen aberastasunei esker. Dena den, Italia hegoaldeko 7,3 milioi lagunek hilean 521 euro baino gutxiago irabazten dute eta horien erdiak 435 euro baino gutxiago. Materako haitzuloetan enoteka bat duen Francesco Loporfidoren hitzetan, "hemen gau bakoitzeko 500 euro eskatzen dituzten hotelak daude eta metro batzuetara jendea larri bizi da". Neurri batean, arazoaren oinarria non dagoen erakusten digu datu horrek. Ordenagailurik ez baina banda zabala bai Duela bost urte, Europako Batasunak 50 bilioi dolar eman zizkion Italiako Gobernuari, hark Mezzogiornoren garapenerako inbertitu zitzan, bereziki medikuntzaren eta azpiegituren esparruetan. Silvio Berlusconi Lehen Ministroak, ordea, fondoen erdia baino gehiago Campania biziberritzeko erabili zituen, Napoles eta jada aski aberatsa zen Amafi kostari bultzada handiagoa emateko. Beste datu bat. Duela gutxi Gobernuak 300 milioi euro bideratu zituen herrialdea banda zabaleko azpiegiturez hornitzeko, hegoaldeko herritar gehienek ordenagailurik ez daukaten arren. Gainera, Sizilia eta kontinentearen artean 4,6 milioi euroko zubia eraikitzekotan dabiltza, ospitale askotan mediku eta hornigai falta handia dagoen bitartean. Iparraldeko aberastasunak zergatik ez du hegoaldea busti? Italia hegoaldean mafia da jaun eta jabe. Negozioen parte ikaragarri handia kontrolpean du. Gainera, merkatu beltzak indar handia du. Hala, herritarrek dagozkiena baino zerga txikiagoak ordaintzen dituzte eta bertoko erakundeek ez dute azpiegiturak behar bezainbeste hobetzeko adina dirurik jasotzen. Ondorioz, iparraldean indar handia duten konpainiek ez dute hegoaldeaz ezertxo ere jakin nahi eta ez dira bertako merkatuan sartzera ausartzen. Egoera benetan txarra da. Bakar batzuk aberastu dira (mafia mafia da) baina gehienak pobrezian bizi dira. Egoerari astindu eder bat emateko saiakerak izan dira, baina ez dute helburua lortu. Badirudi jendea baldintza horietara ohitu dela eta ez daukala mugitzeko asmorik. Maurizio Bonatiren hitzetan, horixe da txarrena: "Hegoaldeko herritarrek euren patua pobreak izatea dela sentitzen dute".

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude