Mendebaldeko Sahara. Marokok “terrorismoa” du nahiago erreferenduma baino

  • Azaroaren 8an, Marokoko soldaduek indarrez desegin zuten Agdaim Izik kanpalekua. Ehunka saharar Aaiun hiriko kaleetara irten ziren protestatzera. Ordutik hilabetera, abenduaren 6an, Salem Hach Embarek Irizar sendiarekin solastatu gara.


2010ko abenduaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Ormaiztegin gaude. Gurutze Irizar, Garazi eta Beñat Salem Hach Embarek-en etxean. Mendebaldeko Sahararen egoera ezagutu nahi dugu. Aita –Mohamed Salem Hach Embarek– Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararreko diplomatikoa izan zen. Ama, Gurutze edota Fatimetu da. Egongelan egokitu gara bost lagunak. Saharako tea atontzen hasi da Beñat.

Saharar herria eta Marokoko armadak azaroan suntsitu zuen Agdaim Izik kanpalekua ditugu mintzagai. Iraganera jo dugu abiatzeko: “Sahararren genozidioa 1966an hasi zen. Marokoar ejertzitoak napalmez bonbardatu zuen saharar populazioa. 1975ean, berriz, sahararrak kanpalekuetara ihes egitera behartu zituzten. Tinduf-ekoa da kanpaleku horietako bat. Marokoar agintariek egiten zituzten astakeriak ez ziren ezagutarazi munduan. Marokoko kontrolpeko lurraldeetan ez zen inor sartzen, ezta ateratzen ere. Egun, teknologia berriak medio, marokoarrei euren jarrera ezkutatzea zailago egiten zaie”, diosku Gurutzek. 

Garazi da mintzo segidan: “Marokok garatu duen estrategia politikoa ezagutzea oso beharrezkoa da, politikoa zein soziala. Marokoko Estatuak saharar gizartearen identitatea desagertarazi nahi du. Sahararren hezkuntza trabatzen du, ez du lana sortzen uzten. Gizartea alienatzen saiatzen da modu ankerrean. Eskubide politikoak ukatuz batera, eguneroko bizitzan eskubide sozial guztiak ukatzen dizkie sahararrei”.

Gurutzek Mendebaldeko Sahararen lurraldea marraztu digu orri zurian –ikusi mapa–: Maroko iparrean. Mauritania hego-mendebaldean. Itsasoa ekialdean eta Aljeria ipar-mendebaldean ipini ditu. Mendebaldeko Sahara euren artean dago, baita lurralde askea ere. Fronte Polisarioak egoitza dauka bertan, Tifariti hirian: “Ni gerra hasi zen garaian kanpalekuetan nengoen, 1975ean. Marokok eta Mauritaniak Mendebaldeko Sahara inbaditu zuten, biek ala biek, iparretik eta hegotik. Saharar herria kolonizatu zuten. Herriak ez zeukan armarik, jendeak ez zuen soldadutza egiten, ez zuen defendatzeko asmorik, ez baliabiderik. Herriak basamortu aldera alde egin zuen. Urte batera gerra hasi zen. Mauritaniak atzera egin zuen gerrari ezin eutsiz, herrialde pobrea baitzen”.

Marokoarrek lurraldea menpe hartu zuten: “Mendebaldeko Sahara lurralde aberatsa da. Basamortu balitz, Marokok ez luke menperatzeko daukan enpeinua jarriko, ezta Frantziak ere; besteak beste. Petrolioa eta gasa dago, ustiatu gabe baina. Fosfatoetan eta arrantzan ere aberatsa da”.

Tinduf kanpalekua

Tinduf kanpalekua Aljeriako lurraldean dago. Saharar kanpalekuak oso garrantzitsuak dira. Ume sahararrak handik etortzen dira udaldian Europara. Elikagaiak eta laguntza hara bidaltzen zaizkie: “Gu han bizi izan ginen. Aljeriak saharar populazio zibila babestu du. Sahararrek gerra garaian hara joateko aukera izan ez balute, desagertuta egongo ziren. Bertan bizi diren saharar gehienek nazioartera ateratzeko nortasun aljeriarra darabilte Beñatek eta biok espainiarra darabilgun bezala. Baina, kanpalekuetan nortasun-agiri sahararra daukagu. Gure identitatea sahararra da”.

Mendebaldeko Sahara ez da estatu-nazio bezala onartua, jakina. Alabaina, laurogei herrialdek onartua da herri bezala. Hassania mintzo dira gure hiru solaskideak, arabiar dialektoa. Gauza ofizialetarako, hedabideetan, arabiar klasikoa erabiltzen da. Mendebaldeko Saharako eskoletan –Marokoko kontrolpeko lurraldean– frantsesa da bigarren hizkuntza, marokoarrek inposatua. Kanpalekuetan zaharrak hassaniaz eta gaztelaniaz mintzo dira, espainiar kolonialismoaren ondorioz.

Agdaim Izik kanpalekua    

Agdaim Izik kanpalekuak ez zeukan jite politikorik, soziala zen. Jendeak etxebizitza eta lana aldarrikatu izan ditu, soldata bat bizitza aurrera ateratzeko. Ez zegoen ekintzailerik, politikan inplikatuak alegia. Baina 20.000 bizilagun izatera heldu ondoren egoera larritu zen: “Orduan, ‘zergatik gara zapaldurik?’ galderari erantzun bakarra aurkitzen diote bertakoek: sahararrak garelako”. Sahararrak kokoteraino daude. Beti esan zaie legea eta arrazoia beren alde daudela, baina Marokok ez ditu NBEko ebazpenak betetzen, autodeterminazioa eskubidea, kasu: “Erreferenduma sinatu bai, baina ez du utzi berau gauzatzen, oztopatu du. 35 urte pasa dira eta sahararrak baketsuak izan dira. 1990ean sinatu zen bake plana, su-etenaren truk. Harrezkero ez da tirorik ez lehergailurik izan. Saharar herria zain dago. NBEk, nazioarteko komunitateak edo beste inork zerbait egiten duen zain. Baina inork ez duela ezer egiten konturatu dira, tontoen moduan tratatu dituztela”, diote ama-alabek.

Bien bitartean jendea atxilotzen eta torturatzen dute. Giza eskubideak erabat txikituak daude. Agdaim Izik-en sahararrek marokoarrei beldurra galdu diete eta oldartu zaizkie. Beste biderik ez dutela ikusi dute: “Hildakoez gainera, desagertuak daude. Baina, batez ere marokoarren bertsioa ezagutu da. Hamar izan omen dira marokoar  hilak, militarrak, ez poliziak, kanpalekuan soldaduak sartu baitira. Sahararrez, ezer ez. Batzuek sinesten dute bertsioa. Espainiako Gobernuak esaterako. Amnistia Internazionalek esan duena esanda ere, frogak –bideoak eta abar– erakutsi arren, Espainiako Gobernuak Marokoko bertsio hobetsi du”. 

Lehenengo te zurrutak dastatu ondoren, Beñat sartu da solasean: “Irakurketa politikoa egitea funtsezkoa da. Zergatik sartu ziren marokoar militarrak kanpalekuan? Egun horretan Frente Polisarioa eta marokiarrak negoziatzera eseri zirelako. Marokok elkarrizketak boikotatu zituen. Negoziazio mahaian galtzeko beldurrez sarraskia eragin zuen kanpalekuan”. Hildako sahararrak ehunka izan daiteke, batzuk desagertuak, bestetzuk beldurrez ezkutaturik. Kartzelan dagoen jendea bestalde. 

Saharar izateaz harro

“Harro sentitzen gara garenaz eta  egiten dugunaz” diosku Garazik. Sahararrak Mendebaldeko Saharan arrotzak dira. Bertan 20-80 proportzioan dira sahararrak eta marokoarrak. Kolonizatua eta inbaditua bizitzeak sahararrak gatazkara bultzatzen ditu: “Eskolan marokoar ereserkia abestera behartzen zaituzte, frankismo garaian bezala hemen. Hizkuntza marokoarra inposatzen saiatzen dira, gurearen antzik ez daukana”. Sahararrek ez dute lanik, baina horregatik ez diote utziko saharar izateari. Saharar izateaz arro daude lurralde okupatuetan, lurralde liberatuetan eta Aljeriako kanpalekuetan ere bai.

Frente Polisario

Marokok errealitatea mozorrotu du, nazioarteko komunitateari lurralde moderatua dela ulertarazi nahi dio, estatu liberala, modernoa eta baketsua dela. Saharar herriarekin eskuzabala dela, autonomia eskaintzen diolako. Autonomiaren bidez eskuzabalak agertu dira munduan. Ohiko leloa darabilte: “Lehen ez zenuten hori. Ea, hartu. Tontoak al zarete? Zergatik ez duzue onartzen hori? Orain lehen baino hobeto zaudete...” diote marokoarrek.

Hirurak mintzo dira, txandaka: “Marokok arazoa ere nahierara erabili du noski, baina betiere frantziar eta espainiar agintarien laguntzaz. Marokoarrak saguak baino okerrago bizi direla sinetsarazi dute bi estatuetan, eta munduak sinetsi du euren bertsio mozorrotua”. Saharar askok Fronte Polisariori gerran sartzeko deia egiten diote. Beste irtenbiderik ez diete utzi. Halere, jende gehienak lehenik erreferenduma egitea eskatzen du. 1990eko Bake Itunean idatzia dena gauzatzea, Marokok sinatua: “Bi gauza ziren: su-etena eta –erreferenduma gauzatzeko– izenen zerrenda osatzea. Su-etena indarrean ezarri zenean, zerrendak egin ziren. Artean, Maroko saiatu zen Mendebaldeko Saharako sahararren boto eskubidea deusezten. Polisarioak ez zuen onartu. Marokok badaki, bertako sahararrek nahiago dutela Sahara aske batean bizitzea, euren menpe bizi baino, badaki erreferenduma aldez aurretik galdua daukala. Noski, Marokok itunak sinatzen ditu, baina ez ditu betetzen”.

Hassan II. erregearen ondorengoa Mohamed XI. da, haren semea. Marokoko erregimenak okerrera egin du solaskideen iritziz. Espainiako Estatuaren jokabideaz ari gara orain: “Espainia potentzia kolonizatzailea da, NBEren ebazpenaren arabera Mendebaldeko Sahara –okupatua zein librea– Espainiak administratu behar luke. Hau da, prozesu deskolonizatzailea bukatu gabe dago. Prozesua ez zen behar bezala egin. PSOE eta PP, biak, gaizki aritu dira, baina aukeran, Marokok ez du PP gobernuan nahi, PSOE nahiago du. Auzia 1975etik dator. Garai hartan, militarrak ez zeuden kolonia uzteko ados.   Alde egin zuten, baina poltsikoak ondo beteta. Espainiako Gobernuak lapurrak bezala utzi zuen lurraldea, gauerdian, Maroko eta Muritaniari bidea libre utziz. Handik urte batzuetara, Felipe Gonzalez presidenteak “me comprometo ante la historia” esan zuen, baina kontrakoa egin zuen. PSOEk honela esan zuen: “Espainiak kolonizazio txarra eta deskolonizazio are txarragoa egin zuen, eta ez zaituztegu azken garaipenera arte abandonatuko”.

Gobernuen alternantzia izan da Espainian: PP eta PSOErenak. Baina ez dute arazoa konpontzen lagundu, ez batek ez besteak. Haatik, PSOEk, gobernuan dagoenean, Marokorekin harreman hobeagoak ditu PPk baino”. Frantzia da berriz armak Marokori saltzen dizkiona. Espainia sikarioa da, babeslea Frantzia, jendarmea: “NBEko kontseiluan Frantziak beto eskubidea dauka. Frantziak NBEk aurkezten dituen ebazpenak pikutara bidaltzen ditu. Frantziarentzat Maroko oso garrantzitsua da, herrialde are eta handiago –Mendebaldeko Sahara menpean– Frantziarentzat hobeto. Frantziak Espainiak ez dituen interesak dauzka. Printzipioz Frantziari baino gehiago Espainiari komeni zaio Sahara herri independentea izatea. Espainiaren ekonomiarentzat egokiagoa litzateke, Frantziako enpresen interesen menpe jardun gabe. Oraingo estatusean baina, marokoarrek frantziarren interesak hobeto babesten dituzte”.

Espainiari Sahara independentea hobekiago joango litzaiokeela esaten bada, zergatik ez du Espainiak Sahara independente baten alde egiten? Galdera ez da samurra. Estatuen arteko interesak daude horren atzean. Frantziarenak lehenik eta behin. Espainiak daraman jokamoldearekin hainbat hipotesi erabiltzen dute adituek. Euskal gatazkaren konponbideak eragina duela pentsa dezake batek baino gehiagok. 

Al Qaeda

Marokok gerra hasi nahi du berriz ere, mundu guztiak “hauek terroristak dira” esan dezan. Al Qaedak esku sartu nahi duela zabaldu da hedabideetan: “Marokoarren artean badabil, sahararren artean ez da sartu Al Qaeda. Marokoko sistema politikoa monarkikoa da, Erdi Arokoa. Herritarrak oso pobreak dira eta gehienak hiri handiko aldirietan bizi dira. Erlijioak eragin handia dauka, Al Qaedako militanteak sortzeko ekai egokiak daude: pobrezia, erlijioa, marjinalizazioa eta estatu feudala. Al Qaedak badu non jardun eta nola aritu, aldiz, sahararrekin ez. Mendebaldeko Sahara ez da erlijiosoa, fundamentalismoa ez da suspertu. Beñat mintzo da: “Behinola kazetariak kanpalekuetara joan ziren eta ‘zuek zergatik ez dituzue mezkitak sortzen?’. Lagun batek  ‘ospitaleak eta eskolak eraikitzeko garaia da. Nork bere jainkoari bere etxean erreza diezaiola” erantzun zien.

Beñaten aburuz, lurralde okupatuetako egoerak eta Ipar Irlandan iraganean izan zenak antzeko konnotazioak dauzka: sahararrak irlandarrak dira batetik. Bestetik, marokoarrak unionistak dira. Marokoarrek lanpostuak dauzkate, sahararrek ez. Horrelako egoeran zilegi da gazteak eskubide sozialen aldeko borrokan altxatzea. Eskubide politikoak modu baketsuez eskatzen hasten dira, baina estatu menperatzaileak zapaltzen ditu. Egoera horrek Ulsterren IRAren sorrera eta gatazka ekarri ditu urte luzetan. Bada, Saharan ere aurre fase horretan egon gaitezke.

Testuingurua hori bada, zein da irtenbidea?: “Gazteak ekintzara pasako balira, gatazkaren parametroak gogortu litezke. Marokok hori nahi du munduaren aurrean ‘horra terroristak’ zilegitasunez esateko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude