Megaupload, interneten artxiboak elkarbanatu eta erreproduzitzeko zerbitzua itxi egin zuen atzo FBI AEBetako polizia agentziak, ustezko egile-eskubideen aurkako urraketa dela eta. Erantzun bezala, denbora tarte batez Justizia Departamenduaren webgunea blokeatu du, besteak beste, Anonymous taldeak.
AEBetako Justizia Sailak jakinarazi duenez, Megaupload webgunearen aurkako operazioan zazpi pertsona atxilotu ditu, horietatik lau Aucklanden (Zeelanda Berria). Azken hauei badaezpadako kartzela zigorra ezarri diete. Jabetza intelektualaren legeek babestutako edukien banaketarekin irabaziak lortzeko konspirazio batean parte hartzea egotzi zaie. FBIren arabera, webgunearen arduradunek legez kanpo zabaldutako materialak 386 miloi euroko kaltea eragin dio entretenimenduaren industriari.
Interneteko erabiltzaileen erantzuna azkarra izan da eta albistea ezagutu eta denbora gutxira Anonymous taldeak hainbat erakunderen webguneak blokeatu ditu, haien artean AEBetako Justizia Sailarena, AEBetako musika eta zinema industrien elkarteenak, Warner eta Universalenak edota Copyright bulegoarena. Anonymous taldeak orain arte egin duen eraso koordinatu handiena izan da. Webguneok martxan dira berriz ere.
"SOPA legea onartu gabe itxi dute Megaupload. Imagina ezazue zer gertatuko den onartzen badute. Internet, gaur egun ezagutzen dugun moduan, amaituko da. Egin borroka", adierazi du Anonymous taldeak twitter bidez, AEBetako Kongresuan onartzekoak diren Stop Online Piracy Act legeari erreferentzia eginez. AEBetako 10.000 webgunek baino gehiagok, tartean Googlek eta ingelesezko Wikipediak, lege horren aurkako protesta egin zuten pasa den asteazkenean. SOPA lege proiektua onartzen bada, egile eskubideek babestutako lanak (liburu, musika, film eta abar) elkarbanatzen dituzten webguneak itxi ahal izango ditu AEBetako gobernuak.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403