Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresak Elhuyar Fundazioarekin eta EHUko IXA taldearekin elkarlanean garatu du Matxin izeneko gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsio hobetua. Gaztelaniatik euskararako itzultzailea hobetzeaz gain, euskaratik gaztelaniarako Matxin itzultzailearen lehen prototipoa sortu da. Bi itzultzaileak www.opentrad.com webgunean erabil daitezke doan. Bost urte pasa dira Eleka enpresa –Galiziako eta Herrialde Katalanetako enpresa eta unibertsitateekin batera– Opentrad kode irekiko itzulpen automatikorako plataforma garatzen hasi zenetik.