Piztu Ezazu Argia 970x90

'Mas'-ek ez du beti 'gehiago' esan nahi

2012-11-21
alde 0    kontra 0

Kataluniako Principaten hauteskunde autonomikoak aurreratuko dituztela adierazi ondoren, Artur Mas-ek, Generalitateko presidenteak, Principaten independentziarako balizko bide orri bat aurkeztu duela ikusi dugu.

Convergència i Unió alderdiaren politikaren azken 30 urteotako ardatz nagusiak gestio erregionalista, Moncloan agintean dagoen alderdiarekin estatu mailako akordioak egitea, itun fiskala bultzatzea, “politika españolistak” defendatzea (Jordi Pujol-ek, CiUko presidente ohi historikoak, berriki esan bezala NATOko idazkari nagusi ohi batekin hizketan ari zela), eta azken bi urteotan PPren neurriekin bat datozen murrizketak trabarik gabe ezartzea izan dira.

Baina gaur, Bartzelonako manifestazio historikoaren ondoren, CiUk dio jada ez duela Espainian bere lekua egin nahi baizik eta Espainiarekin hautsi nahi duela. Kataluniako Asanblada Nazionalak ordezkatzen duen nahaspila politiko osoak bultzatu eta txalotu zuen iritzi aldaketa hau.

Gobernu zentralaren estrategia bera jarraituz eta burgesia katalanaren babesarekin, zerbitzu sozialetan egindako murrizketa sistematiko eta bortitzek markatutako legegintzaldi baten ondoren, orain CiUk bere egiten du herriak adierazitako aldarrikapen bat. Hau da, murrizketen aurkako ehunka manifestazio, itxialdi, protesta edo grebatan herri harekin berarekin izandako jarrera errepresiboa errotik aldatu ei du.

Askapenaren ordezkari batzuk Herrialde Katalanetan egon ginen Bartzelonako Diada izan zen egunetan eta hala, momentu politikoari pultsua hartu ahal izan genion. Joko politiko honen atzean ezkutatzen diren zenbait kontzeptu argitu nahi genituzke, kontuan harturik gainera, bistako arrazoiengatik Euskal Herrian izaten ari den oihartzun mediatikoa.Nahiz eta oihartzun mediatiko honek, gure ustez, kasu askotan ez duen prozesu hori bere osotasunean islatu.

Lehenik eta behin Generalitateak eta Espainiako Gobernuak murrizketak egiterakoan duten elkar-ulertze maila sakona azpimarratu beharra dago. Harreman adeitsua, nahiz eta PPk birzentralizazio neurriak proposatu izanak erregionalistak deseroso sentiarazi dituen. Handitzen doazen mobilizazio soberanistetan bandera gisa itun fiskala sartzeko ahaleginek porrot egin ondoren, burgesia katalanak bere lekua topatzen saiatzea erabaki du, arrazoi ekonomiko eta politikoengatik beharrezkoa zaion Espainiaren barruan.

La Caixa, Albertis, Gas Natural Fenosa, Freixenet edo Grupo Godó buru direlarik, espainiar estatuaren menpeko goi burgesia honek bere ordezkari politiko nagusia, Convergència i Unió, egoera berri honetan birkokatu du. Bide horretan kokatu behar dira hauteskundeen aurrerapena, komeni zaiena egiteko askatasuna emango dien gehiengo osoa lortzeko; hau da, estatu propio baten sorrera ekar lezakeen kontsulta batera zuzendutako balizko bide orria garatzen den bitartean, murrizketekin jarraitzeko askatasuna lortzeko.  

“Estatu Propio” delakoa da, hain zuzen ere, aletu nahi dugun lehen kontzeptua. CiUk Kataluniak egitura eta ahots propioak behar dituela dio, independentziaren kontzeptua erabiltzea saihestuz. Nahita erabilitako anbiguotasun horrek atea guztiz zabalik uzten dizkio Québec-en 1980ko erreferendumaren garaian gertatutakoaren antzeko egoera bat bizitzeko aukerari; azken aldian CiUko kide bat baino gehiagoren ahotan dagoen kontua. Egoera bat non legeak sortzeko, zergak kobratzeko, nazioarteko harremanak eta kultura kudeatzeko ahalmena diren hizpide, baina baita berdinen arteko elkarte ekonomiko bat, partekatutako enbaxadak eta armada eta hainbat organismo komun ere. Euskal Herrian baten batek, itzulipurdi linguistiko baten bidez, soberania partekatu gisa definitu zuena. Proiektu politikorik gabeko independentismo horren gorakada lasaitzeko kudeaketa egiturak aldatu, menperatze egiturak ukitu gabe uzteko. Hau da, benetako lema politikoaren buru direnak, botere ekonomiko eta finantzarioa, bere horretan utziz. 

Maila sozialean, independentziaren aldeko mugimendu honen ordezkari nagusia Kataluniako Asanblada Nazionala (ANC) da. Organismo honek Principateko espektro politiko katalanistaren gehiengoa batzen du, izan ere, bere agendako puntu bakarra Principataren independentzia aldarrikatzea da. Balizko independentismo honen atzean adostutako beste baldintza bat ezkutatzen da: “estatu propioa bai baina Europar Batasunaren barruan”, Diadako manifestazioko pankartak zioen bezala “Catalunya, nou estat d’Europa”. Jaiotzetik ideologikoki markatuta dagoen supraegitura kapitalista horren parte izatea bezain kontu labainari buruz ez da eztabaidarik eman eta zuzenean indar metaketa hau gauzatzeko baldintza gisa ezarri dute. Ez gara agerikoa dena azaltzen luzatuko eta honela laburbilduko dugu: Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren, NATOren, Alemaniaren kontrol autarkikoaren eta beste hainbaten menpe dagoen Europar Batasun hau eta independentzia kontzeptu kontrajarriak dira berez.    

Subjektu politikoaren harira, Esquerra Independentistak izan ezik, ANC-n ordezkatutako Principateko alderdi politikoek estrategia nazional bat sortzea baztertu dute eta, pragmatismo politikoaren izenean, haien aldarrikapen politikoak lurraldearen zati batera soilik zuzentzea erabaki dute. 

Alde batetik, eskuin erregionalistak beti egin dio uko marko nazionalari. Jarrera hau interes hutsetan oinarritzen da, CiUk ondotxo baitaki Principatean duen nagusitasunak indarra galtzen duela Països Catalans-en osotasunean. Maniobra politiko aski ezaguna gure artean, EAJk Lizarra-Garaziko akordioa haustean argi eta garbi ikusi genuena.

Beste indar batzuentzat aldiz, marko nazionalari uko egiteko aitzakia “erritmo ezberdinetako politika” da. Beste modu batera esanda, indar hauek lurraldearen batasuna utopia lortezintzat hartzen dute eta igarotzen utzi ezin dugun momentu historiko baten balizko etorreraz baliatzen dira. Ukazio hau apaintzeko, diskurtso horri beste argumentu hau gehitu ohi zaio: “estatu burujabe bat lortuz gero bidea erakutsiko genioke gainerako lurraldeei,  herria osoaren batasuna lortu arte”. Hori bai, oso argi dago prozesu horren buru direnek emango diguten eredua: kasurik honenean, estaturik gabeko herri eta kulturen hiltzaile nagusiaren, alegia, kapitalismoaren menpe dagoen estatu baten sorrera. Ironikoki esan genezake, hala balitz, lurraldeko eremu benetan independiente bakarra Eurovegas izango litzatekeela.

Historiak hamaika adibide eman dizkigu (ez da beharrezkoa Irlandako kasu ezagun baino ezagunagoa aipatzea) zera erakusten digutenak: barne muga berriak sortzeak inposatutako mugek eragindako desberdintasunak sakontzea, gainerako lurraldean errepresioa areagotzea eta gatazka politikoa luzatzea dakar.  

Askapenako zenbait kidek bertatik bertara ikusi ahal izan genuen zein anitza zen Diadaren egunean kalera atera zen jendetza. Estatu espainiarrak haien herrialdea ukatzeaz nazkatuta dauden pertsonak. Etorkizunaren ikusle hutsa izateari prou!, nahikoa da! esan dioten katalanak. Gizartearen zati handi batek bere buruari galdetu dio nola antolatu nahi den hemendik aurrera, inposaturiko legaltasun espainolaren oztopo ideologikoak gaindituz. Hauxe da txalotu nahi dugun gertaera, itxaropenari ateak ireki ahal dizkiona.

Badakigu ezkerreko mugimendu independentista katalanak jakingo duela koiuntura honi moldatzen herri batasunaren proiektua indartzen jarraitzeko. ARRAN izeneko gazte antolakunde bateratuaren sorrera edota CUP (Candidatura d’Unitat Popular) herri hautagaitzen hedapena zein, hausnarketa prozesu luze baten ondoren, lehendabiziko aldiz hauteskunde autonomikoetara aurkeztea, honen adibide garbiak dira. Independentzia oihukatzean bandera aldatzeaz haratago ikusten duten herritarren batasunaz ari gara. Salses-etik Guardamar-era eta Fraga-tik Maó-ra hizkuntza bera hitz egiten duen eta kultura bera bizi duen herria, inoren esku hartzerik gabe kudeatzeko borrokatzen dutenen batasuna.

Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
INPRIMATU
azala  
azala2425
 
azala2424

2426 zenbakia.
2014ko abuztuaren 03a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagai├▒a Argia Antza iametza Adur Luditoys