Maritxu Castillon: "Lan molde biologikoek besteeri ere aterabideak ekartzen dituzte”

  • Maritxu Castillon Eskiulan (Biarnoko herri euskalduna) ari da laborari Henri senarrarekin. Haragitarako ardiak eta Akitaniako blondak, ekologikoan. Beren mozkin guztiak zuzeneko salmentan komertzializatzen dituzte. Biharko Lurraren Elkarteko (BLE) lehendakaria da Maritxu.


2014ko martxoaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
"Normalki, gure mozkinaz bizi behar ginuke. Estatu eta Europari esker bizi gira egun. Laboraria autonomoa izan behar lizate, barnean, kanpoan, moltsan. Ene geroa ez dut ikusten PACarekin, beti segurtamenik gabe".

Zuen etxaldea presentatzen ahal daukuzu?

Gure etxaldea hiru eremutan zatitua da : Eskiulan, Oloronen eta Inhasen (Feas). Orotarat 74 hektara ditugu, 200 ardi haragitako, Tarasconaise arrazakoak, eta 40 behi Blonda. Udan ardiak Hautacam-eko mendietan ditugu, Lurda ondoan. Arditegia eta barrokia Inhasen ditugu, Henriren etxondoan, 20 bat hektarekin. Artoa eta meteila ekoizten dugu. Bazka guzia guhaurek ekoizten dugu, urtalde onetan autonomoak gira. Jaz aldiz, artoa erosi dugu, gurea ez baita ondu. Gurea ensilatu dugu, nahiz ez dugun holakorik sekula egiten. Hori zen edo alorrean utzi.

Noiz instalatua zira etxaldean?

2006an instalatu niz. Haatik lehenagotik ari nintzan lanean hemen. Henrik laborantxa biolojikorateko konbertsioa 2000an egin zuen, Celpa koperatibarekin, CTE kontratuak baitziren memento hortan. Ondorioz, Celpari saldu behar ginituen gure bio kabala guziak bainan ez dira sekula agertu. CTEren bidez, dirua hunkitzen zen biologikorat pasatzeko (guk eta heiek) bainan salmenta ez zuten sekula garatu. Hola utzi gintuzten ! Hastapenean, gure bio kabalak konbentzionalekoak bezala saltzen ginituen. 2002an Henriren laguntzen abiatu nintzan haragi saltzen. Axuriekin hasi nintzan, xahal ainitz xuxenka saltzen baitzen jadanik Xiberoan. 2006an, instalatu ondoan, behi eta xahalen saltzen hasi nintzan. Geroztik, kabala guziak xuxenka saltzen ditugu, guhaurek edo Biozkariaren [ekologikoan ari diren 12 laborariten salmenta sarea, nagusiki  kantinen hornitzaileak] bidez.

Zonbat kabale transformatzen duzue urtean?

Urtean, 20 bat xahal, bospasei behi eta 160 axuri, ttipi ta haundi, transformatzen eta saltzen ditugu xuxenka. Urtea urrentzean, 15 bat ardi transformatzen ditugu ere. Behi ta xahala haragia, freskoan saltzen dugu osoki, ez dut deus kozinatzen. Ene klientak, kostaldean, Pauen, Oloronen eta Landesetan dira. Lau AMAPekin lan egiten dut : Lucq-de-Béarn, Olorone, Monein eta Donibane Lohizune. Ostatu, epizeria eta Biozkariaren bidez ere saltzen dut haragia.

Komerzializazioa da zure lana etxaldean?

Instalatu nizalarik, bakotxaren lana zer zen aztertu dugu AFOGaren laguntzarekin. EARL batean gira. Henri laborantxaz okupatzen da eta ni paperretaz, salmentaz, bilkuretaz. Salmentak kasik denbora osoa hartzen du, untsa eginez (deitu, arradeitu, paketak egin, eraman, fakturak…).

Zuen etxaldearen zailtasunak zoin dira?

Zailtasuna da, iragan urtean bezala, arrunt bazka Guti ekoizten delarik etxaldean. Biologikoan, autonomoa ez izaiteak gastu bat badu. Gastu horren gainditzeko, sal prezioa ez da gainditzen ahal. Holakoetan dirua galtzen da. Aroarekin bizi gira eta hortan da zailtasuna. Azken urteetan kasik bi urtetarik bazkak erosten arizan gira kanpoan. Urte gogorrak jasan ditugu ere FCO [mingain urdina] eritasunarekin. Urteak behar dira artaldea berriz altxatzeko. 70 ardi galdu ginituen. Xertatzera bortxatuak izan ginen galtze horien ondotik. Ez ginuen gogo onez egin bena beldurra sartua zen gure baitan, galtzeak inportantak ziren. Behietan ere, xertoaren ondorioz haatik, 10 bat xahal eta sei behi galdu ginituen. Xahalak data beno lehenago sortzen ziren, edo ez finituak, drolezia batekin. Behi zonbaitek zezena ez zuten hartzen edo berantarekin. Xertoaren gain eman ditugu gauza horiek, geroztik ez baitira berriz gertatu. Gauza horiek kudeatzeko zailak dira. Azken urteetan ukan dugun min haundiena da eta ondorioak oraino sendi dira. Bioan, sisitima guzia untsa kudeatzea beharrezkoa da.

Bioan izaiteak abantailak baditu ere…

Henri molde hortan ari da betidanik, lur ainitz baitu. Hastapenean ez zuen zertifikazionerik, naturalki, garbiki ari nahi zuen. Jendeak hori galdegiten du. Garantia hori ekartzen diegu. Gure klientek biologikoa xekatzen dute, sustut Biarnoan, AMAPetan, baitezpadakoa zuten.

BLEko lehendakari zira, Biozkariako arduradunetarik ere. Inportanta da laborari biologikoen arteko antolaketa?

Bai izigarri. Ainitz gauza ekartzen du elkarte horietan izaiteak. Kanpoan edo artaldean zerbait gertatzen delarik, gure artean aipatzen dugu eta usu konpontzen. Laborantxa mailan, gauzen aintzinatzeko laguntzen du. Komertzial mailan ere. BLEk aspalditik lan egiten du arlo hortan. Biozkaria, BLEren bidez sortu da. Talde horietan trukaketa ainitz bada, formazionetan bezainbat.

BLEko formazionetan preseski, bio laborariak baino jende gehiago biltzen da…

Gaurregun bio lan moldeek besteeri ere aterabideak ekartzen dituzte, balio haundia dute arlo guzietan. Azken urteetan, konbertsio gutiago izan da. Egia da ez dela errex, bazkaz autonomoa izan behar da. Lur gutirekin, ez dakit desmartxa eginen ginuenez. Kanpotik erostea biziki gostatzen baita. Bena jende ainitz teknika horieri interesatzen da eta baliatzen dituzte. Bide bakarra da laborariak bizitzeko ene ustez.

Behi haragitako laguntzarendako finkatuak diren kriterio berrietaz zer diozu?

Ez dakit norat buruz ari giren. Enetako laborari guziak lagundu behar dira, ttipiena ere. Ez bagira bide hortarik ari, denak desgertuko dira hemen gaindi. Laborari ttipi guziak, egun diren bezala lagundu behar dira. Gure etxaldean, 0,8ko produktibitate heinerat ez gira heltzen, zezena ukanik ere. Biologikoan naturalki ari gira, eponja eta inseminaziorik ez da. Laguntza galduko dugu eta nekezia haundia izanen da. Holako kriterioekin, segur ez dutela hazkuntza laguntzen.

Zer ikusmolde duzu Euskal Herriko laborantxaz?

Laborari izaiteko, laborantxa maitatu behar da, kanpotik ez baigira batere lagunduak. Normalki, gure mozkinaz bizi behar ginuke. Estatu eta Europari esker bizi gira egun. Laboraria autonomoa izan behar lizate, barnean, kanpoan, moltsan. Ene geroa ez dut ikusten PACarekin, beti segurtamenik gabe. Laborariek segurtamenekin bizi behar dute. Hainbeste badira beren buruaz beste egiten dutenak: bada zerbait joaiten ez dena.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-03-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Ospea ez da beti ona

Euskal Herriko muskerren artean ez da handiena, baina ziur asko, bai ezagunena. Musker berdeak, izenak dioen moduan, gorputz berdea du oso, eta ugal garaian, buru eta lepo aldea urdinduak izan ohi ditu. Gainontzean, puntu beltz txikiz osaturik izaten du gorputza, baina bere... [+]


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Eguneraketa berriak daude