Maduroren garaipena eta Venezuelako ezkerraren etxeko lanak

  • Venezuelako udal hauteskundeetan Nicolas Maduroren PSUV alderdiak jaso du boto gehien, bozken %49,2. Henrique Ceprilesen MUD koalizioa ez da urruti ibili emaitzetan 700.000 boto gutxiago (%42,7) baina Venezuelako hiri garrantzitsuenetako alkatetzak eskuratu baititu.


2013ko abenduaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Nicolas Maduroren alderdia gailendu da Venezuelako udal hauteskundeetan, baina hiri garrantzitsuenetan oposizioa izan da garaile.

Atzoko udal hauteskundeak chavisten eta oposizioaren arteko indarrak neurtzeko froga izan da. Parte-hartzea handia izan da eta beste behin ere argi geratu da herritarrak bi alderdi edo modelo politikoetan banatuta daudela.

Apirileko hauteskunde nagusietan oso alde txikiarekin irabazi ondotik, Madurok herritarren gehiengoaren konfiantza jaso du eta horrek tarte apur bat emanen dio aurtengo martxoan hil zen Hugo Chavez presidente ohiak abiatutako neurri politikoekin aurrera jarraitzeko.

Hala ere, hiri handienetan oposizioa izan da garaile. Caprilesen alderdiak Caracasko eta Maracaiboko alkatetzak mantendu ditu eta Valencia, Barquisimeto, Maturin eta Barinas hirietakoak eskuratu.

Oposizioa Maduro Gobernutik kendu nahian dabil eta sinadura nahikoa jasotzen badu 2016an herri galdeketa deitzeko asmoa iragarri dute. Oraingoz Hugo Chavezen jarraitzaileek indar handia dute, baina oposizioa lekua hartzen ari da, bozketan etengabe igotzen ari baita eta Henrique Capriles arerio arriskutsu bezala aurkeztu zaio Madurori.

Arazo ekonomikoak tarteko

Azken hilabeteetan Venezuelak bizi dituen arazo ekonomikoei buelta ematen jarraitu beharko du Madurok hemendik aitzina. Izan ere, inflazioa izugarri hazi da eta oinarrizko elikagaien eskasia nabarmentzen hasi da. Urtebetean prezioak %54 igo dira eta herritarrak oso kezkatuta agertu dira.

Maduroren Gobernua ezberdintasun sozialaren kontrako borrokan ari da lanean. CEPALeko datuen arabera, 2013. urtean Venezuela izan da pobrezia gehien jaitsi den herrialdea. Estatistikako Institutu Nazionalaren emaitzek erakusten dute langabezia %7,8koa dela.

Baina enpresa handiek Chavezen Gobernua hondoratzeko gerra ekonomikoa abiatu zuten duela zenbait hilabete. Gobernuak enpresarien espekulazioaren kontrako jarrera hartu du eta horrek klase kontzientzia piztu du.

Dena den, askok ez dute argi ikusten neurri horiek bide onetik doazenik. Rafael Rico Riosek Rebelion.org webgunean egin duen analisian dioenez, Gobernuak arazo ekonomikoei buelta emateko neurriekin asmatzen ez badu chavismoaren porrota ekarriko luke.

Bestalde, ezin da ahaztu Venezuela munduko petrolio erreserba handiena duen herrialdea dela. Horrek eragiten dituen presio ekonomikoak tarteko, Maduroren Gobernuak ez du enpresa handiekin inolako hitzarmenik sinatu. Hugo Chavezen printzipioekin bat eginez, herri boterea garatzeko lanetan jarraitu du herritarrek haien iritzia emateko 1.100 komuna eta 31.000 batzorde sortuz.

Bipartidismoaren arriskua, kritikarako lekurik eza

Ricok egin duen egoeraren azterketan bi alderdien nagusitasunak daukan garrantzia azpimarratu du: horrek eragiten du boterea bi talderen artean txandakatzea. Beraz, bere ustez, Gobernuan dagoen alderdian desgastea nabari bada, oposizioko taldeak etsitako herritarren bozkak jasoko ditu eta hura pasako da agintera handik urte batzuetara porrot egin eta berriz ere paperak aldatu arte.

Ricoren ustez Venezuelan egun ez dago alternatibarako tarte handirik. Ez dago kritikarako espaziorik. Komunikabide komertzialak, interes ekonomikoak tarteko, Gobernuaren kontrako mezuak zabaltzen ari dira etengabe. Hedabide publikoak berriz, Gobernuaren esku daude eta propagandarako tresna gisa erabiltzen dira masaren erasoei kontrapisua egiteko.

Iraultzaren instituzionalizazioak sindikatuak, hedabideak eta hainbat mugimendu sozial bereganatu ditu eta horiek ez dituzte Gobernuak egindako akatsak kritikatzen. Herritar askoren haserrea piztu du egoera horrek eta dezepzionatutako askok abstentziora jo edo zuzenean oposizioari botoa ematea ekarri du.

Oposizioak ongi jakin du egoera aprobetxatzen, izan ere, azken urteetan sektore horri zuzendu diote bere diskurtsoa, kritikarako lekurik ikusten ez duten atsekabetuei, hain zuzen.

Chavez oso presente egon da kanpaina osoan eta oposizioak behin eta berriz zabaldu du honako mezua: “Chavez lider handia izan da, baina bere ingurukoak erdipurdikoak dira”. Horrek eragin dezake herritarren zati handi batek orain gobernatzen ari direnak onak ez direla pentsaraztea.

Hortaz, Ricoren arabera, hemendik aurrera chavismoak erronka handia izanen du mekanismo berriak hautatzerako orduan. Alderdiaren barnean kritikarako lekua utzi, sindikatuen eta oinarrien protagonismoa indartu eta herritarren iritziak hedabide publikoetan ahotsa izatea izan litezke gakoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude