"Ez dakit tresna instituzional berezi bat behar ote den; beharbada aitzina egin ahal dugu egiten dakigunarekin", adierazi zuen atzo Miarritzen Marylise Lebranchu Frantziako Estatu Erreforma eta Deszentralizazioko ministroak, kazetariek euskal Lurralde Elkargoari buruz galdetu ziotenean. Lebranchu urriaren 11n da biltzekoa euskal hautetsien ordezkaritzarekin. "Proposamen oso ezberdinak daude gai honen inguruan; guztiak begiratzen ditut", esan du ministroak, Lurralde Elkargoarena aukera bakarra ez dela aditzera emanez.
Irailaren 14an Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek bat egin zuten Lurralde Elkargoaren aldeko aldarrikapenarekin. Euskal Herriari eskumen bereziak emango lizkiokeen erakundearen alde azaldu dira, halaber, Colette Capdevielle eta Silviane Alaux diputatu sozialistak, Jean Lassalle zentrista, Frederique Espagnac senatari sozialista eta Jean Jacques Lasserre zentristak.
Auziari buruz galdetuta, pilota Parisen esku dagoela adierazi zuen orduan Lasserrek. Ez dela "ametsik" egin behar zioen: "Parisek ez du bertze erakunde bat sortuko. Hor daude Kontseilu Nagusia eta Eskualdea. Bakoitzaren funtzioa zein den argitu behar da, Euskal Herriaren gobernantza mota zehazteko". Bide horretatik doaz atzo Lebranchuk esandakoak.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.