Gaur amaituko da Donostian Europar Batasuneko (EB) Berrikuntza eta Lehiakortasun Ministroen Kontseilu informala. Donostiako Aitorpena atera da bertatik. EAEko lehendakari Patxi Lopezen arabera “aukera historikoa izan da europarren interesa erakartzeko eta Euskadi luzitzeko berrikuntzan, energia berriztagarrietan, auto elektrikoan baita sukaldaritzako berrikuntzan ere”. Lopezek ondo daki “Euskadi”, eta are gutxiago Euskal Herria, ez dela egon presente europar Ministroen Kontseiluan. “Euskadik” eta Lopezen Gobernuak, hala nola Donostiako alkatetzak, egin duten gauza bakarra izan da Donostian izan diren europar ministroen afaria eta beste ekitaldi batzuk gure poltsikoetatik ordaintzea.
Donostiako Europar Ministroen Kontseiluan bai nabaritu dela, Lopezen arabera, “sukaldaritzako berrikuntza”; izan ere, oso ondo zerbitzatuak izan dira euskal sukaldari ezagunenen eskutik. Beste guztiaz, ezer ere ez. Joan den igandeko manifestariek salatu zuten bezala, europar Kontseiluan euskaldunen presentziarik ezak, beste behin ere erakutsi du EBk ukatu egiten dituela errealitate plurinazional ezberdinak eta Estaturik gabeko nazioak. Modu berean erakutsi da autodeterminazio eskubidearen errekonozimendu eta aplikazioaren aldarrikapenetatik urrun segitzen duela erakunde horrek. Donostian bildutako Kontseiluak erakutsi du, berriz ere, EB multinazionalen interesen eta bertako kide diren estatuetako eliteen zerbitzura dagoela. Euskaldunoi onartzen diguten gauza bakarra da “sukaldaritzako berrikuntzan luzitzea”. Eta, zergadunen diruarekin –ez Lopezen nomina milioidunarekin– eskotean ordaintzea europar ministroen gustu gastronomikoak. Hori da euskaldunek EBn duten presentzia. Hori bai luzimendua, Lopez jauna!
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403