Likiniano-Gatazka gunea itxita, herri kulturak galdu du

  • 1992ko urrian sortu zen Iturribide kalean Felix Likiniano izeneko kultur elkartea. Ez zen ohiko liburu, disko, aldizkari eta fanzine denda, 1980ko hamarkadatik gogor ari ziren gizarte mugimenduen elkargune eta hausnarketarako espazioa izan nahi zuen. Auzo elkarteen, intsumisoen, irrati libreen, mugimendu antiautoritario, ekologista, feminista edota autogestionatuen elkargune bilakatu nahi zuen. Urte askoan lan eskergaitza egin ondoren, ateak itxi zituen urtarrilean.


2012ko martxoaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
DDT banaketakeko Omar Lopez (ezkerrean) eta Gatazka Guneko Garikoitz Zulueta. Ibilbide emankorra izan duen guneak ateak itxi dituen arren, Bilbok halako espazioen premia duela uste dute.

Gauza asko aldatu dira azken 20 urteotan, baina Juantxo Estebaranzek, Felix Likianoano elkarteko sortzaileak, ondo gogoratzen ditu elkarteak sorreran izan zituen helburuak eta testuingurua. Bilboko gaztetxea zabalik zegoen oraindik 1992ko urrian; Felix Likiniano denda zabaldu eta handik hilabete eskasera itxi zuten Bilboko Zazpikaleetan egon den gaztetxerik handiena eta dinamikoenetako bat. 1980ko hamarkadako hainbat taldetan ibiliak ziren gunearen sortzaileak: intsumisioa eta mugimendu antiautoritarioak bere onenean, auzo eta herrietako irrati libreak, Itoizen aldeko borrokarekin eta laster etorriko zen AHTren kontrako mugimenduarekin aro berri bati ekiten ari zen ekologismoa... “Likiniano hausnarketa batetik jaio zen”, dio Juantxo Estebaranzek. “80ko hamarkadatik zetozen mugimenduak sakabanaturik zeuden, ideologikoki eta talde desberdinetan ari ginenon adinagatik izan ezik. Gazte mugimenduan ibiliak ginen, autogestioan, Bilboko gaztetxean adibidez”.

Mugimendu horiek eta aurretik egondakoak bilduko lituzkeen espazio amankomuna sortzea zuten helburu. Hiru espazio edota helburu biltzen zituen hasieran Iturribide kalean zabaldu zen dendak. “Lehenengoa denda gisa, espazio publiko bat sortzea. Ordura arte material ugari banatzen arituak ginen, adibidez, DDT banaketa alternatiboen taldean, baina izaera propioa zuen, eta denda estetikoki ere publiko mota guztiarentzako irekia izatea nahi genuen. Bigarren helburua, mugimendu alternatibo eta asanblearioetan ari ziren pertsona eta taldeen topaleku izatea zen, eta espazio hau izatea euren jardueren, ekimenen, erakusketen edota hitzaldien lekua. Hirugarren helburu bat zegoen, hau guztia kudeatuko lukeen espazioa”.

Felix Likiniano, 36ko Gerran borrokan aritutako anarkista eta abertzalearen izena jarri zioten kultur elkarte berriari. “Pertsona libertarioa zen eta abertzalea eta antinperialista ere bai. Sortzailea ere bazen, idatzi eta margotu egiten zuen. Guzti horrengatik, eta bere denboran aitzindari izateagatik, zituen asmo handiengatik, aukeratu genuen Felix Likiniano elkarteari izena emateko” azaldu du Estebaranzek. Zenbait material etorri ziren irrati libreetatik, Kalaña irratia edota Bost Axola irratitik adibidez; eta DDT Banaketak, Bilboko gaztetxean sortutako diskoetxe eta material alternatiboen banaketa taldea, xurgatu zuen Likik. 1992tik 1995era Iturribide kalean egon zen, 1995eko abenduan Erronda kaleko denda zabaldu zuten arte.

2006an aldaketa etorri zen, elkartea izenez eta izatez aldatu zen eta Gatazka guneari eta Martxoak 18 (Komunaren eguna) elkarteari lekukoa eman zion. Baina, denbora tarte horretan Likinianok, hainbat ekimen jarri zituen martxan: Infogune bat sortu zen, 1970eko hamarkadatik emandako borroken materiala biltzeko –jarduera antikapitalista, asanbleario eta alternatiboetan emandako borroken liburuak, bideoak, aldizkariak eta fanzineak, batez ere–. Bestetik, hainbat elkarteren baliabide gune ere izan zen, fotokopiak egiteko zerbitzua eskaintzen baitzien. Azkenik, 2002an eta ezker abertzalearen legez kanporatzearekin bat, Likiniano erreprografia lanak egiten aritu zen mugimendu honen talde eta elkarteetarako, “arazo larriak zituzten euren dokumentuak egiteko ez ezik, kartelak inprimatzeko ere”.

2006an eta Gatazka gunea sortu zenean, “liburu denda hain zen handia, gure esfortzu guztiak horretara zuzentzen zirela. Denda ez zen berez helburu nagusia nahiz eta ordurako, ospe eta izen handikoa izan, gutxienez Bizkaian” dio Estebaranzek. Aukera bi zeuden, elkartea desegitea ala proiektuari arnas berria ematea. Orduan, DDT Banaketaketik talde bat sortu zen, denda bere horretan martxan jarraitzeko ardura hartu zuen, talde politiko gisa ere aritzeko nahiaz, beti ere eremu antikapitalista zein libertarioan, “ez hainbeste ordura arte bezala talde desberdinen zubi gisa. Likinianoko akatsak ezagutzen zituzten, burokraziaren ondorioak, bitartekoek jaten dutela azken helburua. Nire ustez, berriro ere, makinaria horrek hondoratu du Gatazka, kultur kontsumo eredu berriek eragindako diru galeraz gain”.

Kontrakultura, kaletik mundura

Garikoitz Zulueta Gatazka Guneko kidearen ustetan, hiru “kolapso” dira Gatazka Gunearen itxieraren arrazoia. “Lehenengoa, kolapso politikoa izan da, hausnarketa politikoa neutralizatuta zegoelako. Likinianoko garaietan bezala, inertziak janda gintuen, liburu denda arrunta baitzen Gatazka. Kaleko presentziari heltzea ezinezkoa zitzaigun”. “Ekonomikoki, azken bi urteak latzak izan dira” jarraitu du. Likinianoko eta Gatazkako motorra, diru sarrera nagusia, diskoen salmentatik zetorren. “Musika industrian ematen ari den krisiak ez digu lagundu. Gainbehera erabatekoa izan da. Liburuetan beste horrenbeste gertatu da, argitaletxeak krisi larria pairatzen ari dira eta aurreranzko ihesaldi horrek liburua luxuzko objektu bilakatu du. Hori da itxieraren arrazoi nagusietako bat, kolapso ekonomikoa”. Azken arrazoia, “giza taldearen kolapsoa izan da. Aurreko arrazoiek bultzatuta, bakoitzak bere bidea hartu du eta DDTk banaketan jarraitzeko asmoa badu ere, Gatazka proiektua handiegia da beraientzat” dio Zuluetak.

Likiniano-Gatazka desagertu da dagoeneko, baina “aro berri honi egokitzeko beharra dago. Gure eredua apur bat zaharkituta egon daiteke baina kalean badago nahi bat, badira horrelako proiektu baten beharra ikusten dutenak Bilbon eta inguruan. Eredu berriztatzaile batekin antzeko zerbaiti ekiteko badago jendea prest. Eta entzun ditut zurrumurruak antzeko proiektu bat martxan jartzekoak direla, poztekoa da”.

Bilbok eta Bizkaiak merezi eta behar dute Likiniano-Gatazka bezalako espazio bat Juantxo Estebaranzen ustez ere. “Gatazkako krisia ezagutu zenean, hainbat pertsona eta talde hurbildu ziren, proiektuak aurrera egin zezan laguntzeko prest, espazio horren beharraz ohartuta. Ezin da Bilbo irudikatu horrelako espaziorik gabe, Likinianok eta Gatazkak lortu duten elkarteen sarea berpizteko eta mantentzeko jendea badago. Eta egun, 2012an, ez da orain dela 20 urte baino zailagoa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anarkismoa
2023-01-31 | Gedar
102 egun daramatza gose greban Alfredo Cospito preso politiko anarkistak, Sardinian

Jasaten ari den isolamendu-erregimena salatzeko ekin zion gose grebari Cospitok. Erroman, presoarekin elkartasunez, protestak izan ziren larunbatean, eta 40 pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.


Lola Iturberen eskola

Bartzelona, 1902ko  abuztuaren 1a. Lola Iturbe Arizcuren anarkista eta feminista aitzindaria jaio zen. CNTko kidea eta Mujeres Libres erakundeko sortzaileetako bat, 1936ko Espainiako Gerra amaitzean Frantziara alde egin zuen eta han Erresistentzian parte hartu zuen. Franco... [+]


2022-06-12 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Indarkeria matxista. Zer egin erasoa gauzatu duten pertsonekin?
Eraso matxisten kudeaketari buruzko hausnarketak, begirada anarkistatik

Poltsatik objektuak atera ahala, hitzaldira gerturatutako pertsonen begirada arretatsuaren pean ari da horiek kokatzen hizlarietako bat. Ur botila eta mukizapi pakete bat bazter batean, eta parez pare, distantzia dezentera, fruitu lehor poltsa eta hortzetako eskuila. Erdian,... [+]


Bakunin Batailoia; apaizez jantzita gizarte amurrioar fededuna astindu zuten miliziano anarkistak

Sergio Balchada Outeiralek liburua argitaratu du Gerra Zibilean alde errepublikarrean borrokatu zuten galiziarrei buruz. Horietako asko Amurrion egon ziren, Bakunin Batailoian. Bere presentziak amurrioarren arreta erakarri zuen, praktikatzen zuten ateismoak talka egiten baitzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude