Lekukotasuna: TEPCOk ihes egin nahi izan zuen Fukushimatik

  • Fukushima Daiichiko zentral atomikoaren hondamendia are larriagoa gertatuko zen baldin eta orduan Japoniako lehen ministro zen Naoto Kanek baimena eman balio TEPCO konpainia elektrikoari zentraletik ihes egiteko. Kanen aholkulari berezia zen Goshi Hosonok Asahi Shimbun egunkarian azaldu ditu hondamendiaren une erabakior hartan bera tarteko hartutako erabakien xehetasunak. Daiichi abandonatu izan balute, istripuak bestelako hondamendi kate oso bat abiaraziko zuen. Hasteko, Daiichitik hurbil dagoen Fukushima Dainiko zentral nuklearreko langileek ere ihes egingo zuten, zentrala kontrolik gabe utziz, eta inguruetako erreaktore gehiagotan gauza bera gertatzeko arriskua sortu, Japoniako eskualde osoa lurrikararen eta tsunamiaren ondorioak jasaten ari zen une larri hartan. Hasonok nabarmen utzi du konpainia elektrikoak ihes egin nahi zuela lekutik eta Kan lehen ministroaren erabakia izan zela hondamendia nolabat kontrolpean edukitzeko bidea egin zuena.

Fukushima Daiichiko zentrala 2011ko martxoaren 16an, 2. erreaktorea ketan (Argazkia: Arnfinn Christensen)

2014ko ekainaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Fukushimako hondamendiaren jarraipen zorrotza egiten duen Fukuleaks guneak egindako oihartzunari esker ("Hosono Confirms TEPCO Corporate Wanted To Abandon Fukushima Daiichi") ezagutu ditugu Asahi Shinbunek Hosonoren lekukotasunarekin plazaratu albisteak: "Despite talk of pullout, Hosono says he backed Yoshida's resolve not to abandon Fukushima plant", "Hopelessness reigned after TEPCO said Fukushima crisis 'out of control'". 2011ko martxoaren 14tik 15erako gauean gertatuak aipatu ditu. Istripua 11an jazorik, 14ko gauean Hosono aholkulariari bitan deitu zion Fukushimako zentralaren zuzendari Masao Yoshidak. Lehenbizikoan aipatu zion urik gabe geratuak zirela eta gauza konpondu ezean langileek alde egin beharko zutela. Bigarren deian, ordea, ura iritsi zitzaiela eta lanean jarraitzeko moduan zeudela adierazi zion Fukushimako zuzendariak Kanen aholkulariari.

Hala ere, 15eko goizaldean bertan TEPCOko arduradunek -Masataka Shimizu presidentea buru zutela- presio egiten zioten Kan lehen ministroari baimena eman zezan langileak zentraletik ateratzeko, egoeraren kontrola galdua zutelako, "out of control". Hosonok esan die kazetariek  "out of control" horrek harritu egin zuela, berari Fukushiman bertatik zuzendariak alderantzizkoa esan ziolako. Japoniako Segurtasun Nuklearraren Batzordeko presidente Haruki Madaramek ere bat egiten omen zuen TEPCOko jabeen iritzian apirilaren 15eko goizalba hartan. "Nik esan nien TEPCOkoei adituek gai izan behar zutela halako egoera batean zerbait egiteko, ez zela etsitzeko garaia, zeozer egin behar genuela, joan eta itzuli zitezela plan batekin", gogoratu du Hosonok. Azkenean Naoto Kan lehen ministroak TEPCOri agindu zion Fukushima Daiichin geratu eta hondamendia ahal zen neurrian kontrolatzen ahalegintzeko. Edozein gisan, zentraleko zuzendariak aitortu du langileen %90k alde egin ziotela hil ala biziko ordu haietan.

Asahi Shimbunek bildu ditu Masao Yoshidak gobernuaren ikerketa batzordeari apirilaren 14-15ean 2. erreaktoreari urik ez iristean bizi zen egoeraz esandako hitz larriok ere: "Ur falta izan da arazoa. Ura iristen ez bazaizu, erregaia urtu eta alde egingo dizu. Plutonioak egingo dizu ihes, edo beste materialek, erregaiak urtzean ixuriko diren substantzia guztiek. Eta orain zesioarekin daukazuna baino arazo larriagoa edukiko duzu, zeren eta gai erradiaktibo horiek guztiak bazter guztietan sakabanatuko direlako. Japoniaren ekialdearen hodamendia izango da. Egoerak txiki utziko du Txernobylgo hondamendia, agian ez hitzez hitz 'The China Syndrome' filmak kontatzen duena baina antzeko zerbait izanen da. Zeren, orduan, gelditu beharko dugu 1. erreaktoreari eta 3.ari ura botatzeko operazio osoa ere".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude