Somaliako Mogadishu hiriburuko aireportuan egindako ekitaldian, 200 legebiltzarkidek baino gehiagok beren karguei zin egin zieten astelehenean. Zortzi urteko trantsizio epeari amaiera ofiziala eman zioten horrela, eta kide hauen lan nagusia presidente berria aukeratzea izango da. Bi astean egingo dutela zabaldu dute. Baikortasun giroa omen zen nagusi hiriburuko kaleetan, bertan bidali bereziak dituzten hedabideek aipatu dutenez.
Herrialdearentzat une kritikoa da, 1991. urtean Siad Barre presidentea bota zutenetik, herrialdean gudak eraginda, krisi humanitario larria bizi baitute. Afrikako Batasuneko armadaren laguntzarekin, behin-behineko gobernuak hiriburua kontrolatzea lortu du, baina al-Qaedaren babesa duen al-Shabab talde armatuak herrialdeko hainbat eremu kontrolatzen ditu.
Guda krimenetan parte hartu duen jendeak ezin izan du legebiltzarkide izateko prozesuan sartu, eta hainbat klanetako kiderik zaharrenetakoak hautatu dituzte. Hala ere, legebiltzarkideon hautaketa prozesuak kritikak jaso ditu: tartean "faboreak eta intimidazioa" izan direla salatu zuen NBEko begiraleak Somalian.
Tradizioari jarraiki, Legebiltzarreko behin-behineko eleduna legebiltzarkiderik zaharrena da: Gen Muse Hassan. Bera izango da hauteskunde batzordearen eraketaren jarraipena egiteaz arduratuko dena, eta hauek herrialdeko presidentea eta legebiltzarreko eleduna hautatzeko hauteskundeak egin beharko dituzte.
BBCk dakarrenez, Somaliako politikariak, Nazio Batuak eta herrialdetik kanpoko indarrak "frenetikoki" aritu dira lanean, autoritate berria atzorako prest egon zedin. Prozesu luze eta zaila izan da, herrialdean indar zentral eraginkorrik ez baita izan azken urteotan.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.