Baionako Unibertsitatean Tokiko hizkuntzak: jarraipena ala etena topaketak izan ziren pasa den ostiralean. Besteak beste Michel Alessiok hartu zuen parte, Frantsesa eta Frantziako Hizkuntzetarako Batzordeko ordezkariak.
Berriak jaso ditu parte-hartzaileen hitzak, izenburuko esaldia tartean. Bere garaian, hizkuntza gutxituen aldeko legea eskatuta, Frederic Mitterrand Frantziako Kultura ministroak erabilitako hitzak dira. Legeak baimentzen dituen eta oraingoz lantzen ez diren eremuak jorratu behar direla esan zuen Alessiok, eta herriko etxeetan bilkurak eta aktak euskaraz egin ahal direla jarri zuen adibide. Entzuleen artean zen Jakes Bortairu AEK-ko kidea. Hala mintzatu zen: “Legeak ez badu baliorik, ulertu beharko dugu hizkuntza gutxituek bizirik iraun nahi badute estatu baten beharra dutela”. Eta zera gaineratu zuen: “Mingarria da, dena dutenen partetik (konstituzioa, legea, dirua) gauza anitz egin daitezkeela entzutea. Sumintzekoa, duenak ez duenari erraten diolarik zer egin dezakeen; faltsukeria erakusten du”.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403