Kutxa Bank: Pribatizaziorako pauso berria emango dute EAEko kutxek

  • 2012ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan euskal banku berria: Kutxa Bank. EAEko hiru aurrezki kutxak (BBK, Kutxa eta Vital) fusionatuz sortuko da, irailean egingo diren batzar nagusietan administrazio kontseiluek hartutako erabakiak onartzen badira, behintzat. Banca Cívica, berriz, Nafarroako Kutxa barruan hartzen duen bankua, irten da dagoeneko burtsara.


2011ko irailaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Carlos Zapatero (Vital Kutxa), Xabier Iturbe (Kutxa) eta Mario Fernandez (BBK).

Kutxa Bank sortzear da. 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen, arau, merkataritza eta lege eginkizunak konplituko dituzte; aktiboak eta pasiboak bereizteko eta erakunde berrira eramateko prestakuntzak amaituko dira; eta integrazioa zehatz-mehatz planifikatuko da. Vital eta BBK-ko batzar nagusiak irailaren 16an izango dira eta Kutxakoa hilaren 23an.

Banku berria laugarrena izango da Espainiako Estatuko aurrezki kutxa fusionatuen rankingean, guztira 76.000 milioi euroko aktiboekin. Aurretik, Bankia (328.000 milioi euro), La Caixa (285.000 milioi euro) eta Caixa Catalunya (77.000 milioi euro) daude. Banca Cívica dator ondoren, Nafarroako CAN barne hartzen duen bankua, 75.000 milioi eurorekin.

Bi kutxen arteko fusioa, hasteko?

Ez da baztertu behar aurrezki kutxak fusionatu eta Kutxa Banken integratzeko eragiketa bi kutxa fusionatuz hasteko aukera. Litekeena da batzar nagusi horietan edo haietako batean ezustekoren bat egotea, eta azkenean hiru aurrezki kutxetako bik erabakitzea fusioarekin eta aipatutako bankua sortzearekin aurrera jarraitzea. Testuinguru horretan, ezin dugu alde batera utzi Gipuzkoako Kutxak ez onartzea eragiketa batzar nagusian, hori gerta daiteke. Hala gertatuko balitz ere, BBK-k eta Vitalek fusionatzeko eta aipatutako bankua sortzeko prozesuarekin jarraitu nahi dute, ziurtzat jotzen baita bi horiek eragiketa onartuko dutela. Hori adierazi zuen, behintzat, BBK-ko presidente Mario Fernandezek, joan den uztailean. Haren ustez, “zentzuzkoa da biren arteko fusioarekin” hastea, kutxaren batek ez badu hiru erakundeak integratzeko “nahikoa babes” lortzen batzar nagusian. “Ez litzateke zentzuzkoa izango berriro hastea” gehitu zuen Mario Fernandezek. Beraz, “orain arte egin duguna baliagarria izango da. Biren artean hasiko ginateke oraingoz, ziur bainago, hala gertatuko balitz, gero beste fase bat egongo litzatekeela”.

Egia esan, aukera hori aztertu zen hiru administrazio kontseiluek Kutxa Bank sortzea erabaki zutenean ere. Horregatik, EAEko hiru kutxetako presidenteek joan den ekainean notarioaren aurrean sinatu zuten integrazio kontratualk klausula loteslea du: hiru erakundeetako batek atzera egingo balu ere, prozesua bertan behera ez uztea. Aukera hori gehitu zen, ez dagoelako argi zein izango den Gipuzkoako Kutxako batzar nagusiaren emaitza. BBKren eta Vitalen kasuan, bermatuta dago emaitza aldekoa izango dela; izan ere, EAJ, PSE eta PP ados jarri ziren CCOO sindikatuarekin, eta gehiengoa dute bi batzar nagusi horietan.

Bilbon egoitza

Kutxa Bank berriaren egoitza Bilbon egongo da, banku berriaren pisu ekonomiko-finantzario handiena BBK-k jarriko duelako; jarduera ekonomiko-finantzarioaz arduratuko da egoitza hori. Bitartekoen eta baliabideen jarduerak Donostiako egoitzan egingo dira, eta harreman instituzionalekin eta arauak betetzearekin lotutakoak, berriz, Gasteizko egoitzan.

Hiru aurrezki kutxek banku berrian izango duten partaidetzaren proportzioak honako hauek izango dira: BBKren partaidetza %57koa izango da, Kutxarena %32koa eta Vitalena %11koa. Kasu honetan, BBK-k hertsiki dagokiona baino zertxobait gutxiago hartu du, beste bi aurrezki kutxen mesedetan, biak eroso senti daitezen banku berriko Akziodunen Batzar Nagusian duten ordezkaritzarekin. Nolanahi ere, gai estrategikoak administrazio kontseilu berrian erabakiko dira, eta haren osaera bestelakoa izango da. Erakunde bakoitzaren benetako pisu ekonomiko-finantzarioarekin lotuago egongo da osaera hori (akordio politikoan baino hiru puntu gehiago); hau da, kontseiluko 20 kideetatik, 12 BBK-koak izango dira, 6 Kutxakoak eta 2 Vitalekoak.  

BBK-k banku berrian partaidetza handiagoa izango duenez, Bizkaiko erakundeak beto eskubidea izango du erabaki estrategikoetan; izan ere, sinatutako akordioaren arabera, erabaki horiek hartzeko, beharrezkoa izango da gutxienez ere bi aurrezki kutxa ados egotea, eta partaidetza handiena duenak izan beharko du beti horietako bat, hau da, BBK-k. Lau urtez jardunean egon ondoren, banku berriak aukera izango du burtsara irten eta pribatizatzeko.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude