Kukutza husteko Ertzaintzaren jardunaren "alderdi batzuk" argitzeke daudela esan du Arartekoak

  • Iazko irailaren 21etik 23ra bitartean Ertzaintzak Bilboko Kukutza gaztetxea hustu eta hirian izan ziren istiluen harira, Arartekoak gertakariei buruzko txostena (PDF) egin du, 29 herritarren kexetatik abiatuta. "Ertzaintzaren esku-hartzea ordenamendu juridikoak esleitu dizkion betebeharren eta funtzioen testuinguruan" kokatu behar dela dio Iñigo Lamarca arartekoak eta, beraz, "oro har legearen babes osoa" daukala. "Hala eta guztiz ere, kexetan salatu den jarduera horren alderdi zehatzak argitu gabe daude oraindik", adierazi du.


2012ko maiatzaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30
Argazkia: Bilboko Branka.

Hainbat ondorio gehiago atera du Arartekoak. Laburtuta jaso ditugu hemen:

- Herrizaingo Sailak ez digu informaziorik eman eta ez dakigu, kexak eragin dituzten gertakariak argitze aldera, kexen gaineko barruko ikerketa egin ote den. Puntu horretan ez dago inolako informaziorik (...) Horren ondorioz Herrizaingo Sailari berriro eskatu behar diogu gertakarien gaineko ikerketa sakona egin dezala, gomendioan jasotako jarraibideak aintzat hartuta eta kexetan poliziaren jardueraren zuzentasunaren inguruan agerian jarri diren zalantza guztiak argituz.

- Herrizaingo Sailak helarazi digun informazioa ez da inolaz ere nahikoa erakunde honek poliziak erabili zuen indarkeriak egokitasun, premia, zentzuzkotasun eta proportzionaltasunaren printzipioak errespetatu zituen ala ez baloratzeko. Era berean, gure ikuspuntuaren arabera, informazio hori ez da nahikoa sailak helarazi digun iritzia –printzipioak errespetatu zituela– justifikatzeko.

- Herrizaingo Sailak ez du behar bezala justifikatu indarraren erabilera babestu behar duten elementuak jazo zirela (...) Esku artean ditugun datuekin bat eginez, esan daiteke jokamolde bortitzei erantzuteko Ertzaintzak egin zuen indarkeriaren erabilera justifikatuta egon zela. Dena den, zehazteke egongo litzateke erabilitako indarrak premiaren, egokitzapenaren, arrazoizkotasunaren eta proportzionaltasunaren legezko printzipioak errespetatu ote zituen.

- (...) Esan dezakegu hainbat pertsonek, irailaren 21ean indarkeriarik erabili ez zuten pertsonen aurkako indarkerian oinarritutako poliziaren jardueren ondorioz, erakunde honetan aurkeztu dituzten kexen bidez egin dituzten salaketak arrazoituak eta justifikatuak daudela. Horregatik guztiagatik, ondorengo presuntzioa agerian jarri da: ordena publikoa mantentzeko ardura duten unitate polizialek erabili zuten indarkeria, kasu horietan, ez zen behar bezala justifikatuta egon, aipatutako premia, egokitasun, arrazoizkotasun eta proportzionaltasun printzipioen bidez.

- Deigarria da lesioen parte medikoen kopuru handia, baita Ararteko erakundeak dituen kolpeen eta kontusioen froga grafikoak ere.

- (...) Legebiltzarrean egindako agerraldian, Herrizaingo Saileko sailburuak Tobogan tabernan poliziak burutu zuen jarduera hobea izan zitekeela onartu izanak pentsarazten digu jarduera hori proportzionaltasunaren printzipioaren aurkakoa izan zela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinari jarraiki.

- (...) Egokia iruditzen zaigu Herrizaingo Sailak, ezartzen dituen baldintzekin, helarazi dizkiguten nahiak bideratzeko aukera aztertu dezala. Nahiek zera dute hizpide: ordezkari publikoek poliziaren operatibo jakin batzuen behatzaile gisa esku hartzeko aukera edukitzea. (...) Edonola ere, bertaratu ziren zinegotziei emandako tratua jarduera desegoki eta oker gisa kalifikatu beharra dugu, bereziki, bideo-grabazio batek egiaztatu duenaren arabera, zinegotzi batek jaso zituen bultzadak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kukutza
Bost urteko hutsunea

2011ko irailaren 21a ez dute Bilboko Errekaldeko auzotarrek erraz ahaztuko. Munduko alkaterik onenaren saria irabazi zuen Iñaki Azkuna jeltzaleak bidalitako hondeamakin eta ertzain saldoak eraitsi zuen Euskal Herriko gune autogestionatuetako ikurretako bat. Kukutza III... [+]


Kukutzako mobilizazioetako hemezortzi atxilotu absolbitu dituzte, eta bat zigortu

Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote zigortutako gazteari. Beste pertsona bat hiru urteko espetxe zigorra jasateko arriskuan dago, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak (KET) gogorarazi duenez.


Azkuna Zentroak ordaindu dion dirua Kukutzako auzipetuei eman die Ibon Rodriguezek

Batere jakin gabe Bilboko Azkuna Zentroak 200 euro eman zizkion azaroaren 12 honetan Kukutza defendatzeagatik auziperatuak izan ziren lagunei.


Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra Kukutzako auziperatu guztiei

Bilboko auzitegiak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri die hemeretzi gazteri Kukutzaren eraisketaren aurkako manifestazioan “desordena publikoak” eragitea leporatuta. Kartzela zigorraz gain 84.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dute.


2015-09-14 | Garazi Zabaleta
Bi urte eta erdirainoko kartzela jokoan Kukutza defendatu zuten 19 lagunek

Astelehenean hasi da Bilbon Kukutza defendatu zuten 19 gazteren aurkako epaiketa. “Desordena publikoa” eta “erresistentzia” leporatuta, urte eta erditik bi urte eta erdirainoko zigorrak eskatzen dizkie fiskaltzak.


Eguneraketa berriak daude