Iaz hartu zuen Jose Luis Rebordinosek Zinemaldiaren zuzendaritza, eta bere eskua nabari da dagoeneko: besteak beste, zinemaren industria Donostiara gerturatzeko egitasmoa jarri du martxan, eta orain arte Zabaltegiren barruan zegoen Zuzendari Berriak sailak berezko entitatea lortu du, merezi duen garrantzia irabaziz.
ELAk eta LABek biharko deitu duten Greba Orokorraren egunean proiekzio gehien-gehienak eta ekitaldi guztiak bertan behera uzteko erabakian zuzendariak zenbaterainoko eragina izan duen ez dakit, baina argigarriak izan dira bere hitzak: Rebordinosen esanetan, greba dela-eta Zinemaldiak dirua galduko duen arren, gizarteak bizi duen krisi latzaren erdian, ume aberatsen jostailua baino ez da jaialdia, eta gaizki dauden familiak izan behar dira gogoan.
"Gizarte jakin batean kokatzen da Zinemaldia eta ezin da gizarte horretatik at bizi, onerako nahiz txarrerako. Gure arazoak konpontzen errazagoak dira, gaizki dauden familia horienak baino. Sentiberatasun gutxienekoa izan behar dugu egoerarekin. Egun hori, gutxienez, gogoetarako eguna da". Horra Rebordinosek prentsaurrekoan adierazitakoaren hainbat pasarte. Gutxieneko zerbitzuak baino ez dira egongo bihar Zinemaldian, 7 pelikularen 9 emanaldi (egun normal batean 70 emanalditik gora proiektatzen dira), eta leihatilan 40.000-50.000 euro galtzea aurreikusi dute, baina iraingarria litzateke kontrakoa, inguruko errealitate gordinari muzin egin eta oparotasun faltsuz janztea. Jarrera bera izango al lukete Zinemaldiko aurreko zuzendari guztiek?
Krisi garaiotan kultura gutxiesteko dagoen joeraz, baina kulturak izan behar lukeen garrantziaz ere hitz egin izan du Rebordinosek. Areago, kulturaren industriak dirua ematen duela eta krisitik ateratzeko gakoetako bat dela uste du zuzendariak; hori helarazi nahi die instituzioei. Bigarren urtea du hau, eta gogor eta txukun ari da gestio lanean. Horrela jarraitu dezala.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.