Komunikabide idatzien etorkizuna hizpide
Eli Pombo| 2009-05-08

handitu txikitu
Komunikabide Idatzien Etorkizuna: Iker Balentziaga, Eli Pombo eta Maite Ubiria
Komunikabide Idatzien Etorkizuna: Iker Balentziaga, Eli Pombo eta Maite Ubiria / Nagore Vega

Informatikari Euskaldunen Bilkuran izan nintzen atzo, goizean entzule bezala eta arratsaldean hizlari gisa. Komunikabide idatzien etorkizuna mahai-inguruan parte hartu nuen, Gaur8 eta Kazeta.info-ko Maite Ubiriarekin eta Berria eta Hitzaren izenean joan zen Iker Balentziagarekin batera.

Honelako mahai-inguru edo eztabaidetan frustrazioa sentitu ohi dut, ideia garbirik ez baitut ateratzen. Oso aberasgarria da, dudarik gabe, bataren eta bestearen iritziak entzutea, ideiak elkartrukatzea, baina ondorio argigarririk ez ateratzeak ezinegona sortzen dit. Atzokoan komunikabide euskaldunak ginen mahai-inguruan eserita; baina sentipena bera da, eserlekuetan daudenak espainolak, frantsesak edo ingelesak izanda ere. Komunikabide idatzien etorkizuna nolakoa izango den asmatzeko formula magikorik ez dago, bestela komunikabide handiek aspaldi hartuko zituzten neurriak, baina ez, ez da horrela eta noraezean dabiltza, itsasontzi handiak motorrik gabe, uraren gainean kulunkan bezala.

Jendearen galderei eta ekarpenei tartea egin aurretik, mahai-inguruan ginen hiruok hamar bat minutuko hizketaldia egin genuen. Maitek bere esperientzia pertsonaletik abiatutako errepasoa egin zuen, 20 urtetan telex-etik 2.0 teknologiara pasa den kazetari batena; nik ARGIAk Interneten 12 urte hauetan izan duen bilakaera hartu nuen oinarri gisa, ARGIA: 90 urte eta aurrera begira hitzaldian; eta Ikerrek testuinguru digitala bere orokortasunean landu zuen.

Maitek “komunikabideentzat Internetek porrot baten kronika ezkutatzen” duela aipatu zuen. “Egunkari handiek inbertsio handiak egin zituzten teknologia berri horretan. Gehienek galera handiak izan dituzte. Interneten eskutik doako kultura hedatu da, eta gizarte mailan ordenagailu eta konexio azkarrak azkar hedatu badira ere, komunikabide handiek Internetera joz aurreikusten zuten negozioa ez da inondik inora agertu”, gaineratu zuen. Etorkizunari begira, tresna berrietara egokitu beharra azpimarratu zuen eta komunikabideek sinesgarritasuna lantzen egin beharko duten ahalegina.

Azken ideia honetatik abiatuta sortu zen lehen eztabaida. Entzuleetako batek komunikabideen funtzioez hitz egin zuen. Informazioaren errepikapenak jada ez duela zentzurik eta sorkuntza lana, jatorrizko informazioa landu beharko luketela gogoetatu zuen. Horretaz gain, hemeroteka edo filtro lana ere interesgarritzat jo zuen, Euskal Kulturaren Hari@k egiten duenaren ildotik.

Ene ustez, komunikabide baten indarra, dituen pertsonetan dagoela gaineratu nuen. Gutako bakoitzak blogari erreferentzialak ditugun bezala, komunikabide bat blogari, idazle edo kazetari erreferentzialez josten bada, hor irabaziko duelako sinesgarritasuna.

Entzuleen artean zen Patxi Gaztelumendi kazetariak bota zuen orduan lehen kritika. Medio tradizionalek ez dutela/dugula autokritikarik egiten eta berandu gatozela esan zuen. Orain arte modu bertikalean funtzionatu dugula gaineratu zuen eta krisia tarteko, orain jabetu garela blogosferaren garrantziaz, gaurdaino mespretxuz begiratu ondoren. Atzo erantzun nion moduan, ez nago batere ados adierazpen horrekin, ez behintzat ARGIAren ikuspegitik begiratuta. Hasteko, sekula ez da berandu, gauzak zuzentzeko baldin badira eta bestalde, ARGIAk ez dio sekula mespretxuz begiratu blogosferari, ezta gutxiagorik ere. Duela 12 urte Internet sortu zuenetik argi ikusi genuen beronen garrantzia, urteak daramatzagu Hari@n papereko medioen errepasoa egiteaz gain, hainbat medio digitalena ere egiten eta gure informazio iturrietako asko blogak dira. Ez dut ukatuko halere, komunikabide handiagoen aldetik eman dela horrelako jokaerarik, baina egia da baita ere, munstro handiak mugitzeko denbora gehiago behar dela.

Zuzeu.com bezalako ekimenak ere izan ziren hizpide eta horrekin lotuta, baita finantziazioaren auzia ere. Balentziagaren ustez, “gainditu beharreko erronkarik handiena finantzaketarena da. Diru iturri diren papereko edizioak desagertzen direnean, Interneteko proiektuak bideragarri egiteko formulak bilatu beharko dira”.

Hitzaldia datorren astean osorik jarriko dugu multimedia kanalean, beraz, ez naiz gehiago luzatuko. Amaitzeko ene hitzaldiko hiru ideia azpimarratu nahiko nituzke:

  • Ez dut uste papera desagertuko denik, ez behintzat etorkizun hurbil batean. Baina komunikabide baten etorkizuna ez hipotekatzeko beharrezkoa da paperetik at dauden bideetan esperimentatzea. Hala ere, bien beharra daukagu: Internetek paperarena eta alderantziz.
  • Etorkizunari begira gako asko egon daitezke, baina potentzialitate handiena pertsonak dira, egiten dugun horretan sinesten badugu, aurrera aterako gara.
  • Lehen esan bezala frogak egin behar dira eta ARGIAk datorren astean apustu horietako bat aurkeztuko du: Erredakzio-mahaia, ARGIAko kazetarien bloga, hori kazetaritza molde berrietara egokitu, egunerokotasuna landu eta zentzu horretan saiakerak egiteko baliagarri izango zaigula sinesten dugulako.
Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Dohainik.

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia