Katalunian hauteskundeak izateko hilabetea falta denean, independentziari buruzko eztabaida berotzen ari da Europan ere. Hori erakusten dute PPko Alejo Vidal Quadras Europako Legebiltzarreko presidenteordeari Derk J. Eppink (Lijst-Dedecker) eurodiputatu flandriarrak asteartean eskaini zizkion hitzek. Eppinkek Francorekin alderatu du PPko kidea, telebista saio batean Kataluniaren independentzia eragozteko armada eta Guardia Zibila bidaltzea proposatu zuelako.
“Jarri afera boto-emaileen eskuetan eta ez armadaren eskuetan. Ezagutzen dugu Guardia Zibilaren historia señor, beraz hitz egin dezagun demokraziaz eta utzi Kataluniari bere kabuz erabakitzen” esanez amaitu zuen Eppink kontserbadoreak bere hitzaldia.
Kataluniaren kontrako mehatxu militarra salatzeko gutuna ere sinatu dute hainbat eurodiputatuk, tartean PSOEk Europako Legebiltzarrean daukan taldeko idazkari orokorrak, Maria Badiak. Dokumentua sinatu ostean Badiak dimititu egin behar izan du, alderdikideen artean sortu den ezinegonak eraginda.
ANCren deia herritarrei eta alderdiei
Bien bitartean, irailaren 11ko manifestazio historikoa deitu zuen ANC erakundeak deia egin die herritarrei, Diadako aldarria hautestontzietan ere nabaritu dadin.
ANCk alderdiei eskatu die euren programetan hiru puntuko konpromisoa sar dezatela: Kataluniaren subiranotasuna kataluniar herriarengan dagoela adieraztea baita hari dagokiola gainontzeko herriekin nolako harreman politikoa nahi duen erabakitzea ere; hurrengo legegintzaldian Katalunia Europako estatu berri izateko lanean engaiatuko direla esatea; eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartzen dutela, estatu berria ahalik eta adostasun handienarekin sor dadin.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.