Katalunian indarra hartzen ari den independentismo berriari ertzak atera dizkio Vicenç Navarrok bere blogean idatzi duen artikulu batean. Navarroren ustez Espainiako Estatua nazio bat baino gehiago daudela ukatzea eta arrazoi ekonomikoak daude fenomenoaren atzean, baina CiUk egoera maneiatzeak ekar ditzakeen arriskuak ere azpimarratu ditu. Pasarte batzu euskaratu ditugu.
“Zergatik lortu du independentismoak orain lortu duen maila? Erantzuna krisia da. Gaur krisia modu oso mingarrian ari da herritarren ongizateari eragiten. Eta Katalunia gobernatzen duen koalizio nazionalistaren, CiUren abildade politiko handia zera izan da: zailtasun horiek 'lapurreta espainiarra'-rekin lotzea. Argumentu horren arabera, Kataluniak bere borondatearen kontra Espainiari egindako ekarpena Kataluniaren BPGren %8koa da”.
“Horren ondorioz (...) Europan ia parekorik ez duen egoerarekin egiten dugu topo: bere herritarrei murrizketa-neurri handienak ezarri dizkien gobernu batek (haietako bakar bat ere ez zen agertzen hauteskunde-programan) hauteskunde-sostengu zabala dauka Katalunian, eta krisiak eta aipatutako neurriak indarrean jartzeak ez die eragin herritarren aldetik jasotzen duten babesari. Gobernuan den CiU alderdiaren abilezia handia, neurri horiek indarrean jartzearen beharra Kataluniak Espainiaren aldetik jasan duen 'lapurreta' gisa aurkeztea izan da”.
“Argudio horretan ahaztu egiten da Kataluniaren gastu publikoko defizita (gastu publiko soziala barne) handiagoa dela defizit fiskala baino (hori badagoen arren, eta ezabatu behar den arren). Eta ahaztu egiten du EAEk, CiUren gobernuak nahi duen sistema fiskalaren antzekoarekin, arazo larriak eta krisi sakona dauzkala. Gastu publiko soziala EAEn askoz txikiagoa da, daukan garapen ekonomikoaren mailari legokiokeenarekin alderatuz (...). Katalunia independentea edukitzea ez da ziurtagiria Kataluniak gastu publiko sozialean daukan defizit erraldoia ezabatzeko. Egiari zor, esparru independentistan gehien agertzen diren ekonomialariak (...) ultraliberalak dira eta zerbitzu publikoen zati handi bat desegingo lukete, osasuna eta hezkuntza adibidez. Are gehiago larrituko lukete CiUren agintaldian gertatu den zerbitzu publikoen hondatzea”.
“Rajoy Espainia soziala desegiten ari den modu berean, Bruselak eskatzen duela argudiatuta, Masen gobernuak ere adierazten du egiten duena egin behar duela Madrilek eskatzen diolako. Bi kasuetan ikusten da ardurak kanpoan jartzen direla. Espainian Brusela aurkezten da problema gisa. Katalunian, Madril da problema. Eta bi kasuetan badago errealitearekin bat egiten duen zati bat, baina zati bat besterik ez da, ez guztia, euroa egon aurretik eta ondoren ere, Brusela eta Madril ez baitira izan Kataluniaren eta Espainiaren azpigarapenaren eragileak. (...) Klase-boterearen harremanek rol erabakigarria jokatzen dute Katalunian eta Espainian”.
“Akats larria litzateke ezkerrek utziko balute garai honetako gertakarien garapenean Kataluniako eta Espainiako eskuinak protagonista izatea. Kataluniako ezkerrek ezin dute utzi CiUren gobernua izan dadin Kataluniaren defentsaren buru, haien politika publikoek larri kaltetu baitute Kataluniako herriaren ongizatea”.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.