Ertzaintzak Gasteizko Judimendi auzoko gaztetxea itxi zuen atzo goizean. Lau lagun identifikatu zituzten, eta adingabe bat atxilotu. Gaur itxieraren aurkako manifestazioa egingo da; 19:00etan abiatuko da Leizaola plazatik. Judimendiko gazteek prentsa-oharra kaleratu dute, "ertzaintzak bultzatu eta zenbait komunikabidek modu irrigarrian bereganatutako kriminalizazioa" salatzeko. Bertsio polizialaren aurka, gazteek diote ez zela tirorik egon eta Ertzaintzak ez zuela bere burua inguraturik ikusi: "Dena kriminalizazio estrategia hutsa da: alarma soziala sortzeko, Judimendiko Gaztetxearen existentzia deskontestualizatzeko eta auzoko dozenaka gaztek jarritako itxaropena akatzeko saiakera".
Pasa den hilean, Urko Saenz de Buruagak Judimendiko Gazte Asanbladako kide bati egindako elkarrizketa plazaratu genuen ARGIA.com-en. Okupazioaz eta auzoa biziberritzeko etorkizuneko asmoez mintzo zen gaztea.