Joan zen maiatzaren 2an Gasteizko Judimendi auzoko gazteek aspalditik zekartzaten errebindikazioa aurrera eraman zuten. Hiriko beste kolektiboen laguntzarekin auzoko etxe bat okupatu zuten, bertan gaztetxea ezartzeko. Ia bi hamarkadaz hutsik egon den etxe horretan bertan izan ginen solasean Jagobarekin, Judimendiko Gazte Asanbladako kidearekin.
Zertarako gaztetxe bat Judimendin?
Ikusi genuelako auzoko gazteriak ez zeukala biltzeko eta aisialdi alternatibo bat aurrera eramateko tokirik. Gehienbat tabernetan biltzen ziren gazteak eta horren aurrean ikusi genuen gaztetxe bat izango zela alternatiba hori gauzatzeko toki bat.
Zergatik okupazioa?
Saiatu ginen Udalari eskatzen lokal bat. Galdetu genuen zein zen prozedura eta esan ziguten egin behar genuen lehenengo gauza zela erregistrora joatea, elkarte bat osatzea eta izendatu behar genituela diruzain bat eta presidente bat. Asanblada bat garenez ez gaude horren alde. Inor ez da diruzain izan behar, inor ez da presidentetzat jarri behar. Antolakuntza aske bat defendatzen dugunez, ezin genuen hori onartu. Egin genuen eskakizuna eta esan ziguten diruzaina eta presidentea jarri gabe ez zigutela onartzen. Gainera, auzoan dagoen etxebizitza hutsen arazoa ikusita, alde batetik ez zegoen beste biderik eta beste aldetik, aldarrikapen moduan gauzatu dugu.
Nola garatu zen okupazioa?
Hasi ginen gure errebindikazioa kalera ateratzen, Gazteok Kalegorrian kanpainarekin. Santa Agedan atera ginen kantatzera, egin genituen musika tailerrak Sefarad plazan, bilerak ere han antolatzen genituen… Egiten genuen guztia kalean egiten genuen, ikus zezan auzoak gazteok bageneukala toki bat edukitzeko beharra.
Sozializazio kanpainak ia urtebete iraun zuen. Aldi berean ibili ginen auzoko etxebizitza hutsak aztertzen, eta begiratzen ea zeintzuk ziren komenigarriagoak euren egoeragatik, jabeengatik… eta azkenean erabaki genuen etxe hau zela aproposena.
Zein zen eraikinaren egoera okupatzeko momentuan?
Momentu horretan eta orain ere egoera nahiko latza da. Estetikaren aldetik batez ere, baina egituran ere bai. Zuloak daude paretetan, zoruan… baina arkitekto batekin hitz egin dugu eta, orokorrean, ez dago arriskurik.
Atzeko patioa zaborrez beteta zegoen, xiringak aurkitu genituen… egoera nahiko tamalgarria zen. Ez dugu ulertzen horrelako etxe bat modu horretan nola egon zitekeen. Gu etorri aurretik hamabost urte baino gehiago egon da hutsik, eta betidanik egon dira yonkiak-eta.
Nolakoa izan da auzokideen eta jabearen harrera?
Auzokideena oso ona. Lagun pila bat etorri dira galdetzera ea zer den, etxea barrutik ikustera, askok ere laguntza eskaini digute, eta hainbat gauza ekarri dizkigute, eta ez bakarrik gazteek. Jabeak etorri ziren lehenengo egunean. Hasieran emaztea etorri zen eta kontua nahiko ongi joan zen. Guztia azaldu genion eta lasaiago geratu zen. Baina gero etorri zen senarra bi matoiekin, sekretekin, eta esan zigun astelehenean alde egin behar genuela. Guk esan genion ezetz, astelehenean ez ginela joango eta esan zigun tira, bada, hilabete baten buruan joateko.
Esan zuen proiekturen bat zuela. Hamabost urte izan du etxea hutsik eta bat-batean, okupatzen zaionean, bururatzen zaio proiektu magiko bat. Ez digu azalpen gehiagorik eman. Gutxienez akordio batera heldu ginen, hilabete bat etxe honetan pasatzen uzteko, berak denuntziarik jarri gabe, baina duela gutxi deitu genien berriro eta esan ziguten salaketa geneukala jarrita. Esan digu okupazioa denuntziatu duela etxearen egoera guretzat arriskutsua delako.
Baina etxea ikusi zuen arkitektoak esan zuen egitura ondo zegoela…
Bai. Hitz egin dugu berarekin, jabearekin, abokatu batekin hitz egiteko, arrisku hori guztia gure ardura izateko, baina esan du ezetz, ezetz. Berarekin kontaktuan jarraituko dugu, baina egoera horrela dago.
Zein izan da orain arteko lana?
Konponketa lanetan ibili gara etxean. Gero kalean mila gauza burutu ditugu: txalaparta eta alboka tailerrak, bizikletak konpontzeko tailerra, informatika… Nakba egunean bazkari bat egin genuen, hitzaldiak… Jarduera mordoa egin nahi ditugu, arrisku hori baitago, hilabetea pasata gu kaleratzeko, eta jendeak gure asmoa zein den ikustea nahi dugu.
Gainera, jabeak esan zigun deitu zuela auzokide bati galdetzeko ea nolakoak ginen, “que si eramos unos desarapaos”, eta hark esan ziola jende jatorra garela, gauza asko egiten ari garela. Baina, hala ere, berak denuntzia jarri digu.
Babesa nabaritu duzue okupazioarengatik?
Bai, bai. Izugarria. Sartu gara eta jende ugari hurbildu da. Egia esan, apur bat saturatu gaitu. Betiko zortziak zaudete eta bat-batean datozkizu beste hamabost pertsona eta… Baina tira, laguntzera denak, materiala eskaintzera, eta euren elkartasuna adieraztera, azken finean.
Nolakoa da eremu hauen egoera hirian?
Nabaritzen da Gasteizen dauden espazio aske guztien aurkako jazarpena bizitzen ari garela. Gehienetan edozein aitzakia erabiltzen dute. D3M-ren papeletak izan daitezke, edo PERI-a… Beti aurkitzen dute aitzakiaren bat espazio askeak ixteko. Gasteizen izan dugu Gasteiz Izan, izan dugu Zaramazulo, Gaztetxea beti husteko mehatxupean dago… Azken finean, beti bilatzen dute mugimendu sozialei ateak irekitzen dizkieten leku guztiak kriminalizatzea eta ixtea.
Gaztetxe askori leporatzen zaie sektore konkretu baten ghetto bihurtzen direla…
Hori da kriminalizazioaren beste puntu bat. Esaten dute gaztetxeak erradikalak direla, ez dakit zer direla. Baina politizazioaren kontua ez bada, izango da gazteak mozkortzera eta porroak erretzera datozela edo… beti dago aitzakia bat toki askeak isolatzeko. Gu erakusten ari gara zeintzuk garen, zer egin nahi dugun, eta auzokideek ikusi dute jada ez dagoela atzera egiterik.
Eta jabeak bere asmoarekin aurrera jarraitzen badu?
Bada, jakin dezala gu aurrean edukiko gaituela, ez garela kikilduko. Ikusi behar dugu zein jarrerarekin etorriko den, zer planteatzen duen. Gaztetxe bat izango dugu. Hau ez bada, beste bat izango da. Ematen digutena edo okupatzen duguna. Guk ikusi dugu gaztetxea edukitzeko beharra eta hau kentzen badigute ere, beharrak hor jarraituko du, eta beharrak zeregina da.
Antzeko espazioen itxierek eragindako elkartasun mugimenduak nabariak izan dira.
Bai. Iruñeko Euskal Jairen kontuarekin ere elkartasuna kristorena izan zen. Jende asko hurbildu zen hara, mobilizazio jendetsuak egin ziren. Gaztetxe hau husten badute berdina izango dute. Ez dute soilik hemengo jendearen oposizioa topatuko. Hau ixten badute borroka oso baten aurka egingo dute, eta Gasteizko jendea hurbilduko litzateke. Beste auzoetan ere lantzen ari da okupazioaren kontua eta pentsa daiteke gaztetxe hau husten badute beste auzoetan hasiko direla gaztetxeak loratzen.
Zerbait gaineratu nahi baduzu…
Bada, hori, animatzea jendeari hona hurbiltzera, hemen egingo ditugun ekintzetan parte hartzera eta edozertan laguntzera. Ateak irekita daude. Hemen egongo gara eta mundu guztia ongietorria izango da.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403