Joxe Arregirentzat bakerik ez Arantzazun
Pello Zubiria| 2010-09-03

handitu txikitu

Etxe barruan bakea egin ez dezakeenak asko lagundu ote dezake inguruko gizartea bakeratzen? Joxe Arregiren Arantzazutiko ihes bortxatuak galdera hori mahairatzen digu, pausatzen dituen gainerako kuestioak (teologia, jerarkia, politika, nazioa…) baztertu gabe. Arantzazuk Euskal Herriko bakeari historian zehar zenbat lagundu dion harro aldarrikatzen duten fraide frantziskotarrak umildadekada digeritu ezinean ariko dira asteotan. Ea azkenean zertarako diren Euskal Herria konpondu nahiko luteketen Baketik, Gandi eta enparauak. Medice, cura te ipsum.

Joxe Arregi teologoaren ibiliak ataka horretara iritsi behar zuela begibistakoa zen eliza katolikoa eta frantziskotarrak ezagutzen dituen edonorentzako. Jerarkiaren eta militante profesionalaren arteko gatazka urrunegi iritsia zen bestela bukatu ahal zedin. Fraideak hitz lauz salatua zuen joan den udazkenean Donostiako gotzai berriak –frantziskotarren eskualdeko buruzagi gorenak- Gipuzkoako apezen zerrenda politiko beltza zeukala eginda, hauen artean depurazioa egiteko asmo nabarmenarekin. Bietako baten burua moztekotan, zein erakundetan eta zenbat aldiz suertatu da buruzagia ateratzea galtzaile?

Hala ere, galtzaile nagusia Arantzazuko frantziskotar taldea da. Entzuten da arantzazutarrak Arregirekin zeudela, baina eltzea sutan goritu denean da erabakitzeko unea iritsi; bertako nagusiek apezpikuari hortzak erakutsiko zizkiotela amestea izango zen talde eta erakundeen dinamika ez ezagutzea, izan politiko edo erlijiozko. Frantziskotarrak seguru daude mundua hobetzeko misioa dutela, baina munduan bizitzeko konpromiso handiak dauzkate hartuta. Dimititu al du Arantzazuko buruak Arregiren espultsioaren marka berearekin lotuta historiako liburuetan ager dadin keinutzat, gutxienez?

Fraide hain gutxi dauzkan Arantzazun diru asko dago hormigoitan inbertituta. Diru larregi sartu da harriarte eder hura hemen puska bat edertu eta hor beste asko itsusitu egiten duen zimentutan. Duela berrogei urte, basilika Gipuzkoako kristauen arragoa nahi zuten eta seminariotzarra mundua apezez asetzeko mintegi. Ihartu ondoren seminarioari kirurgia karioegia eginik, biltzar eta ikastaroz Euskal Herria bakeratzeko helburua jarri diote fraideek beren buruari. Traje handiegia. Hogei edo berrogei frantziskotar bakean, kontenplazioan eta otoitzean zoriontsu bizitzeko paraje ederra izan liteke Arantzazu, pretentsio handigorik gabe.

Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia