Jon Alonso - Euskadi Sariak
Jon Alonso idazleak iritzi artikulu mamitsua idatzi du ARGIAren Euskal Kulturaren Urtekarian. Duela lau urte Euskadi Sarietako Itzulpenaren Sailean epaimahaikide izan zen, eta bizi izandako esperientziatik abiatuta, literatur sariei buruz -orokorrean- eta Euskadi Sariei buruz -zehatzago- ari da Alonso artikulu horretan. Sariak, ona izateko, "prestijioa" eduki behar duela dio, eta prestijioa ez dela beti "eurotan" neurtzen. Sari bat on bihurtzen duten beste ezaugarri batzuk badira: argitalpen duin baterako bidea izatea, epaimahaiaren jokamoldea zintzoa izatea, ildo eta irizpide garbi batzuei segitzea... Eta sarri ez omen da hori gertatzen. Iazko Euskadi Sariei dagokienez, Itzulpen Sailekoa (Xabier Olarrak jaso zuen) zalantzan jartzerik ez dagoela dio Alonsok. Baina, "Olarrak saria merezi duela argi egonik, zalantzazkoagoa da Euskadi Sariak Olarra bezalako irabazle bat merezi ote duen". Hitz horiek arrazoitzeko, epaimahaikide gisa bizi izandakoa kontatzen du Alonsok artikuluan. Testua laburtuta hankamotz gera gaitezkeenez, hobe bere azalpen guztiak (lotura azpialdean duzue) irakurtzen badituzue. Ondorioa aski esanguratsua da: "Berdin zait kulturan nork agintzen duen, literaturan eragina duten erabakiak nork hartzen dituen, ezker edo eskuin, espainol, euskaldun edo vasco. Eta hauxe baino ez diot eskatzen: ez dadila izan forajido bat, behintzat".
Iritzi artikuluaren azken zatian, Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill liburua du hizpide Alonsok. Bere iritziz, "inork ez du euskaraz arakatu haurtzaro-nerabezarotik gaztetasun-heldutasunera doan tarte lauso, eder, ilun, gordin, xamur eta mingarri hori Izagirrek bezain ongi, liburu honetako Prakadunen artekoak eta Vladimir izeneko ipuinen bidez". Batzuk ez omen dira konturatu "Izagirrek arrazoi literario onik ez duela falta". Baina liburu honen kariaz esan eta idatzi dituztenekin, beren buruaren "erretratu perfektua" osatu dute.
Bestalde, iritzi artikuluan esandakoak aitzakia gisa hartuta, ARGIA astekariak Jon Alonsori egindako elkarrizketa jasoko du 2.075. zenbakian (otsailaren 6-7an izango da kioskoetan).
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403