Londreseko Olinpiar Parkeko mantenu eta garbiketa lanez arduratzen diren ehundaka lagunak 10 pertsonentzako kabina mugikorretan lo egiten ari dira, baldintza kaskarretan, hiriaren ekialdeko behin-behineko kanpamendu batean, bisitarien bistatik urrun, Daily Mail egunkariak pasa den asteburuan salatu zuenez. Katherine Faulkner kazetariak dio komun bakarra dagoela 25 lagunentzat, eta dutxa bakarra 75entzat.
Londresekoak eta Ingalaterrako beste zonalde batzuetakoak dira mantenu taldea osatzen duten lagunetako asko, baina badira kanpotik etorritako ugari ere, hara heldutakoan jendea non lo egiten ari zen sinesterik ez zuen Andrea Muñoz espainiarra kasu: "Metalezko atea eta dorrea ikusi nituenean, presondegi batean nengoela iruditu zitzaidan", dio 21 urteko gazteak. "Iritsi eta buelta eman nuen. Nire bi lagun han daude, eta erabakiarekin damu direla uste dut".
Kazetariak dio, duela egun batzuk, euria egin eta kanpamenduan ura sartu zela, egoera are gehiago narrastuz. Gainera, hedabideek hango langileekin hitz egiterik ez dutela salatu du, eta haiek bisitatzera hurbildutako senide eta lagunek ere ez dutela barrura sartzerik izan.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.