Piztu Ezazu Argia gunera joan.

Jipoia kurdueraz mintzatzeagatik, haurdun zegoen emaztea ospitalera zeramala

2012-07-11
alde 0    kontra 0

Turkiako poliziak joan den ekainaren 19an kurdueraz hitz egiteagatik Ahmet Koca kurduari emandako jipoiaren bideoa sarean zabaltzen ari da. Istanbulen arratsaldeko 14:30ak inguruan, bi alabekin haurdun zen emaztea ospitalera zeramala polizia auto batek gerarazi zuen, trafiko arau bat hautsi zuela argudiatuta. Kurdueraz hitz egiten entzun zutenean, autotik atera eta jipoitu egin zuten. Pertsona anonimo batek grabatu zuen bideoa.

Ahmet Kocak hedabide turkiarrei eta nazioarteko albiste agentziei azaldu dienez, haurdun zen emaztea ospitalera zeramala gelditu zuten. Larrialdia zela azaldu zien geratu zuten agenteei, baina "hori ez zait axola" erantzun zioten. Pasatzen utz ziezaioten konbentzitzen saiatu zen, baina alferrik. Geratzera behartu zuten.

Poliziek trafiko isuna jartzeko tramiteak hasi zituzten, eta Koca gazteak une horretan anaiari deitu zion zer gertatzen ari zitzaion azaltzeko. Kurdueraz hitz egin zuen anaiarekin. "Terrorista zara, gu hil nahi gaituzten horietakoa", esan zion polizietako batek, autotik ateratzeko agintzen zioten bitartean. Zazpi agenteak kolpeka hasi zitzaizkion.

Pertsona ezezagun batek mugikorrarekin grabatu zituen irudiak. Irudia ez da kalitate handikoa, baina bertan ikusten da nola emaztea garrasika ari den bitartean, poliziek alde batera eta bestera eramaten duten, ukalbikadaka. Polizietako batek gerrikoarekin jotzen duela ere ikusten da. Merkatari bat Ahmat gazteari laguntzera joaten den arren, azkenerako, konortea galdu eta lurrean geratzen da etzanda. Dena den, oraindik zenbait ostiko jasotzen ditu.

Irudiak grabatu zituen pertsonak hurrengo egunean zintzilikatu zuen bideoa, eta zenbait hedabidetara heldu zen. Hartzen ari zen oihartzuna ikusita, Avni Mutlu hiriko gobernadoreak ikerketa ireki zuen, eta Turkiako Barne Ministerioak jakinarazi zuen zazpi poliziak baztertu egin zituztela.

Gertakaria Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) eta Turkiako Armadaren arteko borrokak gogortzen ari diren unean etorri zen. Egun horretan bertan, bertsio ofizialaren arabera, PKK-k dozena bat soldadu hil zituen; PKK-k emandako datuen arabera, dozenaka izan ziren hildako militar turkiarrak.

Ahmet Kocak jasotako jipoiaren eta albistearen arteko harremana ikusita, Turkiako presidente Abdullah Gulek adierazi zuen ez dela nahastu behar "arazo kurdua" eta PKK. Hala ere, bere aurreko Tayip Erdoganen Gobernu islamistak azken urteetan udal ordezkari kurduak atxilotu ditu erakunde armatuko kide direla argudiatuz.

Atxilotutako edo zigortutako azkenak Leyla Zana Europako Parlamentuak ematen duen Giza Eskubideen Sajarov Saria jasotakoa da. 10 urteko kartzela zigorra ezarri diote, eta Aysel Tugluk diputatuari 14 urtekoa.

Herri mailan, ekainean akusazio beraren argudiopean ondorengo herrietako alkateak atxilotu zituzten: Baskalekoa (ARGIAn herriari buruzko diaporama egin genuen), Ozalpekoa, Bostanicikoa, Muradiyekoa eta Van herrikoa, denak BDP alderdi kurdukoak.

Informazio gehiago:

Albistea Cuarto Poder webgunean.

Albistea Actualidad Kurda blogean.

Rudaw webgunea.

Firat webgunea.

Piztu ezazu argia
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
INPRIMATU

Publizitatea

azala  
azala2368
 
azala2367

2369 zenbakia.
2013ko maiatzaren 19a
AZALA PDF-n


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys