Politika instituzionala utziko duela iragarri du Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak. 35 urteko ibilbideari gainbegiratua eman dio El Diario Vascok larunbatean argitaratu zuen elkarrizketan (papereko edizioan bakarrik dago irakurgai). Besteak beste bakegintzaz eta abertzaleekin izan dituen harremanez hitz egin du Egigurenek. Elkarrizketako pasarte batzuk euskaratu ditugu.
"Nire teoria da, bakea egin nahi baldin baduzu etsaiarekin hitz egin behar duzula. Eta bizitzan, zahartzen zoazen heinean, konturatzen zara inork ez daukala erabateko egia absoluturik".
"Euskaldunen arteko gatazka guztiak, liberalen eta karlisten arteko gerra zibilak… Denak bukatu dira norbaitek erabaki duenean konpontzera sartuko dela. Nik ezker abertzalekoekin hitz egin dut 1980ko hamarkadatik. Urolakoa naiz eta… Nire anaia nagusiak txapela darama eta ikurrinarekin independentzia predikatzen ibiltzen da".
"[EAJkoek] beti eduki didate ezinikusi apur bat, nahiz eta ni izango naizen EAJkoa izan gabe Sabino Arana defendatzen duen apurretako bat. Uste dut denok garela sabindarrak, zentzu batean: Euskadi euskaldunen aberria dela. Baina gainontzekoan ez nator bat. Aizarnako norbait, Egiguren abizenekoa, PSEra joatea eta ez EAJra, traizioa izango da haientzat".

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.