Pasa den ostiralean Ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek bat egin zuten Lurralde Elkargoaren aldeko aldarrikapenarekin. Euskal Herriari eskumen bereziak emango lizkiokeen erakundearen alde azaldu dira, halaber, Colette Capdevielle eta Silviane Alaux diputatu sozialistak, Jean Lassalle zentrista, Frederique Espagnac senatari sozialista eta Jean Jacques Lasserre zentristak. Lurralde Elkargoari buruzko eztabaida Parisen abiatuko da orain, urriaren 4an eta 5ean.
Auziari buruz galdetuta, pilota Parisen esku dagoela adierazi du Lasserrek Berria egunkarian, "diputatu eta senatarien esku, gobernuaren esku". Dena den, ez dela "ametsik" egin behar dio: "Parisek ez du bertze erakunde bat sortuko. Hor daude Kontseilu Nagusia eta Eskualdea. Bakoitzaren funtzioa zein den argitu behar da, Euskal Herriaren gobernantza mota zehazteko".
"Euskal Herrian egin behar zen gogoeta bideraturik dago orain. Erabakien garaia da, eta erabakiak Parisen hartzen dira", dio Lasserrek: "Akitaniaren iritziak garrantzi handia du, Lurralde Elkargoak behar dituen eskumen batzuk haren esku daudelako. Horien artean garrantzi handia dute ekonomiak eta mugaz gaindiko arloak. Baina Frantziako lurralde antolaketa burutzen duena Asanblea da. Eskualdeak iritzia emanen du, baina erabakia parlamentariek hartuko dute".
Bere hitzetan, ordea, "Parisek ez du bertze erakunde bat sortuko": "Hor daude Kontseilu Nagusia eta Eskualdea. Bakoitzaren funtzioa zein den argitu behar da, Euskal Herriaren gobernantza mota zehazteko. Zailtasunak anitz izanen dira, eta guztion borondate ona beharko da, irudimen handia, traba horiek saihestu eta egitura plantan ezarri ahal izateko. Lurralde Elkargoa eskualdearen eta departamenduaren arteko zerbait izan beharko da. Lan handia egin da Euskal Herrian. Bi urteko gogoetaren emaitza da Lurralde Elkargoaren proposamena. Adostasuna lortu dugu bertan, baina oraindik azken erabakia falta da, eskumenak zehaztea, aurrekontuak finkatzea, baliabideak..."

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.