Waste. Uncovering the Global Food Scandal.
Tristram Stuart.
Penguin Books, 2009.
Salaketa eta soluzioak. Bietatik du Tristram Stuart Londresko aktibistaren liburuak –gaztelaniazko bertsioa irakurri dut nik, Despilfarro. El escándalo global de la comida–.
Zifrak beldurgarriak dira: kontsumitzen dugunaren ia erdia zaborretara doa Europan eta AEBetan; saltoki handi batek 500-600 tona jaki botatzen ditu urtero, harrapaturiko arrainen %40-60 itsasora hila bueltatzen dute arrantzale europarrek, eskola jangeletan zerbitzatutakoaren %30 inguruk zakarrontzian amaitzen du, EBko herritarrok egoera onean dauden jakien ia %20 baztertzen dugu etxean… Baina zenbakien mozkorralditik harago, elikagai katearen panorama argigarria eskaintzen du lanak, hornitzaileek, supermerkatuek, nekazaritza uztek, arrantzak, kontsumitzaileek… atzean ezkutatzen dituzten jarduera zentzugabe eta burugabeak, jana alferrik galtzea eragiten dutenak.
Onena, saihestu dezakegun errealitatea dela. Hartu beharko liratekeen neurriez eta geure esku dagoenaz mintzo da Stuart. Aholku burutsuak biltzen ditu, eta jakin badakigu ez dela erraza egoerari buelta ematea, baina guk geuk egin dezakeguna ez da gutxi. Stuartek berak supermerkatu inguruetako kontainerretatik arrantzatutakoaz elikatzen eman ditu urteak eta harrigarria da zein otordu aberatsak egin daitezkeen baztertu den janaria berreskuratuz. Bere esperientzia baliatuta, ekintza ugari erakusten dizkigu, teoriatik praktikara egiten du salto, eta batez ere horrek egiten du interesgarri eta sinesgarri liburua.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.