208.477 lagun daude lanik gabe Hego Euskal Herrian Espainiako Lan Ministerioak eman berri dituen datuen arabera. Kopuruari neurria ematearren,198.000 lagun inguru bizi dira Iruñean eta horiek baino gehiago dira Hego Euskal Herriko langabetuak.
Portzentajeetan, Nafarroan eta Araban hazi da gehien langabezia iazko abuztutik: %16,77 eta %16,43 hurrenez hurren.
Kopuruei begiratuta berriz, Bizkaia da enplegu bulegoko ilara luzeena daukana; 11.120 lagun gehiago daude lanik gabe iaztik, %14,11ko igoera Euskal Herriko lurralde populatuenean.
Gipuzkoan galdu dira enplegu gutxien iazko datuarekin alderatuta, baina %10aren gainetik (%11,63) hazi da langabezia lurralde horretan ere.
Hego Euskal Herria osotasunean hartuta, iazko abuztutik aurtengora %12,63 igo da langabezia, 26.341 lagun gehiago iazko sasoi honen parean jarriz gero.
Lanpostu suntsiketa azkarra erakusten duten zenbaki horien artean, datu baikor bakarra Nafarroak eman du, uztailetik abuztura %0,89 hazi da enplegua. 435 lagunek aurkitu dute lana, Donamariako biztanleria, hor nonbait.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.