Iruñeko Udalak Arantzadiko baratzeak kendu nahi ditu, baratzeei buruzko museoa eraikitzeko. Lanak uztailean hastekoak ziren baina aste honetan hesitu dute ingurua, obren zatirik handienari ekiteko. Udalaren asmoen kontra protesta egin dute hainbat lagunek eta gogorarazi dute baratze horietan biltzen diren elikagaiak jantoki sozialetara bideratzen direla.
Arantzadi Auzolanean mugimenduko kideak aste osoan ari dira baratzeen suntsiketaren kontra mugitzen. Proiektuaren alderdi ugari kritikagarriak iruditzen zaizkie: obrak garestiak izango direla uste dute (proiektuak 3,4 milioi euroko kostuak aurreikusten ditu), baratzeak desagerraraziko dituela eta horiekin batera galduko dela haien balioa (baratze ekologikoak dira eta elikagaiak ekoizten diren lekutik kontsumitzen direnera distantzia gutxi dagoenez, jasangarriak ere bai).
Besteak beste, asteazkenean jarri zituzten hesietako batzuk kendu dituzte Arantzadi Auzolanean taldeko kideek. Irailaren 1ean berriz, baratzeen biziraupena aldarrikatzeko festa egingo dute.
Ateak Ireki kolektiboaren bideo honek erakusten du asteazkenean bizilagunek egin zuten protesta.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.