Teheran (Iran)
Inoiz baino kolapsatuago egon da Teherango trafikoa aste honetan. Irango presidentetzarako hauteskundeak gaur direla eta, milaka lagun izan dira kalean egunero, euren hautagaien aldeko kalejira ezberdinetan. Baina, zalantzarik gabe, Hussein Mousavirena nagusitu da. “Marea berdea” izena eman diote jada fenomenoari, eta berebiziko indar demostrazioa egin dute. Lider erreformazalearen erretratua ez ezik, jarraitzaileek beste hainbat afixa zeramaten eskuetan: “Ahmadinejad gezurti”; “Bye bye Ahmadi”, zioten horietako askok.
Baina deigarriagoa iruditu zait manifestari askoren jarrera hutsa: emakumeak oso atzean paratzen zuten euren beloa, ile mototsak “ageriegi” utziz klerikoen gusturako. Areago, hauetako batzuk, mahukak jasota zihoazen ukondoetaraino, Islamiar Errepublikaren jazte-kode estuari desafio garbi eta ausartean.
Atentzioa eman dit ere makina bat gazte dantzan ikusteak kale erdian, gelditutako kotxeetatik entzuten zen tekno musikaren erritmoari eutsiz. Dakizuenez, musika debekatuta dago Iranen, eta salbuespenak dauden arren, ayatolek ez dute teknoa batere gogoko.
“Hauxe da jasaten ari garen errepresio bortitzari berehalako erantzuna”, esan zidan jarraitzaile berdeetako batek. Reza izeneko unibertsitarioa zen, eta aitortu zidan inoiz ez zuela honelakorik ikusi. “Aro berri baten ateetan gaude”, gaineratu zuen, elkarri bostekoa eman eta agur esan aurretik.
Nazioarteko hainbat analistek, aurtengo hauteskunde garrantzitsuenetzat jo dituzte gaurkoak. Mousavi erreformazalea espero bezala goititzen bada, Irango barne politika ez ezik, “kanpo-politika erasokorra” ere leunduko direla diote askok.
Onartu behar dut txundituta utzi nauela “marea berdearen" fenomenoak. Giro alaia kutsagarria izan da oso, eta hainbatetan pentsatu izan dut Iranen berebiziko aldaketak eman daitezkeela gaurtik aurrera. Nolanahi, dantza, kanta eta bandera berde guzti hauen azpian etsipen handia sumatu dut. Denek dakite urte ugari beharko direla oraindik egunotan aldarrikatutako eskubideak bereganatu ahal izateko. Honen zergatia oso ondo azaldu zidan Bezad izena zuen taxi-gidari batek:
“Hauteskunde zerrendetarako aurkeztu ziren ehunka alderdiri inskribatzea debekatu zioten, indarrean dagoen kode islamikotik kanpo murgiltzen direlako. Egun lau alderdi besterik ez dira lehian, eta denek teokrazia bete-betean onartzen dute. Denok dakigu teokrazia ez dela, inolaz ere, demokraziaren sinonimoa, baina Mousaviri emango diogu botoa. Aldaketa ttipiena ere gauza handia da guretzat.”
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403