Erritmoa, kazetariaren batuta liburua aurkeztuko du gaur arratsaldean Jexux Eizagirrek Hernanin. Prentsako testuetan erritmoak duen garrantziari buruz jardun du, Hernaniko Kronikako esperientzia eredu hartuta. Eizagirre aditua da euskara komunikatiboan eta azken hamarkadan Hernaniko egunkarian baliatu du bere esperientzia.
“Bati baino gehiagori entzun diogu: zuek guk hitz egiten dugun bezala idazten duzue” adierazi dio Eizagirrek Edu Lartzaguren kazetariari gaurko Berrian. Baina Hernaniko Kronika ez dago gipuzkeraz idatzia, irakurleak ez dira euskalkiarengatik identifikatzen egunkariaren idazkerarekin. “Jendea identifikatu egiten da kazetaren idazkerarekin, erritmo bera dutelako, irakurleek duten musika bera jotzen dutelako”.
Hori nola lortu esplikatzen du Eizagirreren liburuak, bere ustez erritmo hori baita irakurlea adi edukitzeko baitezpadako tresna. “Jendea ez lokartzeko moduan idaztea” izan behar da kazetariaren helburua Eizagirreren ustez.
19:00etan aurkeztuko da Erritmoa, kazetariaren batuta Biteri Kultur Etxean. Eta aurkezpenak ere erritmoa izango du: Judith Montero eta Roberto Pacheco musikariek Charlie Parkerren jazz piezak joko dituzte zuzenean.
Liburua 10 euroan eskuratu ahalko dute bertara hurbiltzen direnek; edo 12 euroan ondorengo egunetan, Dobera Euskara Elkartera hurbilduta.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.