Donostiako Ospitalean daukaten Iosu Uribetxebarria preso arrasatearrak gose greba hasi du, Espainiako Gobernua "krudelkeria eta gorrotoa muturreraino eramaten ari dela" salatzeko, Uribetxebarriak berak gutun baten bidez (pdf) jakinarazi duenez. "Hamalau gaixo larri heriotzaren korridore kartzelarioan mantentzea onartezina da", dio gutunean.
Metastasia du Uribetxebarriak, eta horregatik eraman zuten pasa den astean Leongo kartzelatik Donostiako Ospitalera. Gara egunkariak atzo plazaratutako elkarrizketan bere asmoen berri ematen zuen arrasatearrak: "Askatasuna ukatzen badidate, gelditzen zaidan bide bakarra gose greban jartzea litzateke. Gorrotoa horrenbesteraino heltzen bada, duintasunez hiltzea izango da nire asmoa".
Herrira plataformak zabaldutako gutunean, bera zaintzen ari diren polizien "jarrera itxia" salatu du Uribetxebarriak, eta gaineratu du sendagile, erizain eta langileen aldetik "laguntza eta animoak" jaso dituela une oro.
Manifestazioa larunbatean
Gaur, 11:00etan, elkarretaratzea egin du Herrira plataformak Donostiako Ospitalean, alderdi politiko eta kargu instituzionalekin batera; eta bihar gizarte eragileekin batera.
Larunbatean, bestalde, manifestazioa egingo da Donostian, Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. 17:30ean abiatuko da Saguestik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.