Milaka datu-base behar dira egunero eta etengabe Internet erabili ahal izateko eta The New York Timesek argitaratu duen ikerketa baten arabera, datu-base horiek eskatzen duten energiaren %90 alferrik xahutzen dute. Zerbitzariek erabiltzen duten elektrizitatearen %6tik %12ra bitartean erabiltzen da konputazio lanetarako eta gainontzeko guztiak aparailuak martxan mantentzeko zeregina dauka, aktibitatea igoz gero zerbitzua ez mantsotzeko.
Zerbitzariek 30 zentral nuklearrek adina energia kontsumitzen dute ikerketaren arabera. 20.000 zerbitzari inguru aztertu dituzte ondorio horretara iristeko. "Industria honek sekretu zikinetako bat da hau eta inork ez du izan nahi aurrenekoa mea culpa esaten" adierazi dio New Yorkeko egunkariari bere izena eman nahi ez duen exekutibo batek.
Ordenagailuek segundo bakarreko atzerapena ere izan ez dezaten, Interneteko enpresak eguneko 24 orduz egoten dira zabalik eta sare elektrikotik jasotako energiaren %90 alferrik xahutzen dute. "Zerbitzariz betetako eraikin bakar batek tamaina ertaineko hiri batek adina energia kontsumi dezake", adierazi du datu baseen diseinuan kolaboratu duen Peter Grossek. "Jende gehienari, baita sektore honetan lan egiten dutenei ere, zaila egiten zaie sistema hauen kopuru eta tamainaz pentsatzea".
Ingurumenari ere kalte
Xahututako energiaz gain, datu-baseek ingurumenari kalte egiten diotela frogatu du The New York Timesek. Hornikuntzak ongi funtziona dezan, gasolioak sortzen dituen gasen mende egon behar dira eta bitartean airea kutsatzen dute. Datu baseen enpresa hauetako izen asko agertzen dira Airearen Kutsagai Toxikoen Inbentarioan. Azido eta berunezko milaka bateriaz osatutako ilara luzeak behar dira Internet eguneko 24 orduetan ibili dadin.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.