Independentziaren alde lanean diharduen Kataluniako Biltzar Nazionalak (ANC) "sezesio prozesua" abiatzeko eskatu die Artur Mas Generalitateko presidenteari eta Nuria de Gispert Kataluniako Parlementuko presidenteari. ANC independentziaren aldeko martxa egiten ari da egunotan Katalunia osoan zehar. Irailaren 11n amaituko da Bartzelonan, Diada egunean, eta Masek eta Gispertek ongietorria egitea nahi dute antolatzaileek.
Irailaren 11ko manifestazioa sekula baino jendetsuagoa izatea dute helburu ANCko kideek, eta hainbat sorpresa izango direla aurreratu dute. Berezitasun moduan, hiriko leku desberdinetatik abiatuko diren manifestazioek bat egingo dute Catalunya plazan. Ekitaldi nagusia amaitzean, Kataluniako Parlamentura joateko dei egin dute bultzatzaileek.
Diada eguneko mobilizazioetara deitzen duen bideoa (ANCren jarraitzaile batek egin du):
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.