II. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak egin ziren pasa den ostiralean Donostiako Miramon Zientziaren Kutxagunean, Soziolinguistika Klusterrak antolatuta. Jardunaldian bereziki bi arlo landu ziren: Euskararen erabilera esparru desberdinetan eta Informazio eta Komunikazio Teknologiek eskaintzen dituzten aukerak. Lehenengo arlo horri buruzko hitzaldi eta gogoetak eskaini zituzten goiz partean Erramun Osak, Itziar Elorzak, Fermin Lazkanok, Nekane Goikoetxeak eta Iñaki Martinez de Lunak.
12:30ean, Vilaweb agerkari digital katalanaren sortzaile eta zuzendari Vicent Partalek Hizkuntzen hazkundea Interneten hitzaldia eskaini zuen. Horrela eman zitzaien hasiera euskarri digitalek hizkuntzei eskaintzen dizkioten aukerei buruzko gogoetei. Bazkaltzeko hartutako atsedenaren ondoren, gaiak jarraipena izan zuen PuntuEus elkarteko kide den Iratxe Esnaolaren eta Gorka Julio informatikariaren hitzaldiekin. Lehena .eus ekimenari buruz aritu zen eta bigarrena komunitatearen eta sare sozialen inguruan. Jardunaldiei amaiera emateko Partal, Esnaola eta Juliok entzuleen galderei erantzun zieten. Jarraian mahai-inguru horretan hitz egindakoak bildu ditugu, ideiak hainbat kontzeptutan laburbilduz:
Vicent Partal: “Gaur egun ezagutzen dugun telebista amaitzen ari da. Telebista lineala ez da sostengatuko. Etorkizuna kartara egindako telebista da. LTD oraindik ez da hasi eta jada hilik dago. Hemendik aurrera inporta duena da jendeak eta komunikabideek bideo txikiak Internetera igotzea”.
Partalek beste iragarpen bat ere egin zuen: “Ordenagailuak desagertu egingo dira”. Baina hain esaldi biribila bota ondoren, ez zuen gehiago sakondu, asko luzatuko zela argudiatuz. Baieztapen horren atzean ezkutatzen dena ezagutzeko irrikaz geratu ginen.
Entzuleetako bat sare sozialek ekar dezaketen nahasmenarekin kezkatuta agertu zen. “Zer gertatuko litzateke gutako bakoitzak pilota bat hartu eta berau jaurtitzen hasiko balitz?” galdetu zuen, minutu batzuk lehenago Gorka Juliok proposatutako jokoari erreferentzia eginez.
Gorka Julio: “Denok pilota bat izango bagenu eta mugituko bagenu, komunitate indartsuena izango genuke. Gaur egun gure komunitatean %10ak soilik parte hartzen du aktiboki”.
Iratxe Esnaola: “Teknologia Berrietan komunikazioa euskaraz ematea premiazkoa da, mundu fisikoan hori islatu dadin”.
G. Julio: “Interneten ezagututako jende askorekin harremana dut mundu fisikoan, euskaraz; ni euskarazko Internet munduan murgildu naizelako”.
V.Partal: “Okerra da planteatzea bi mundu bereizi daudela, birtuala eta erreala. Gaur egun jendea ez da Internetera konektatzen, Interneten dago”.
Belen Uranga mahai-inguruko koordinatzaileak planteatu zuen sentsazioa duela euskaraz dagoen tresna informatiko bat menperatu orduko, beste bat irteten dela eta euskaraz izaten dugunerako denbora pasatzen dela eta ondorioz atzeratuak geratzen garela. “Ez ote gara ari ingelesaren menpeko bihurtzen?” galdetu zuen.
I. Esnaola: “Euskarak ezin du itzulpen baten zain egon, euskarak bere erritmoa du mundu fisikoan eta hala behar du birtualean ere. Hori Microsoft-en eskutik ezin da lortu, berak ezartzen baitu erritmoa”.
V. Partal: “Helburu estrategiko bat Google da. Googlek euskararekin tratu ona izatea lortu behar da. Hori ez da lortzen dirua jarriz, baizik eta Google bilatzailearen algoritmoetan eraginez. Programen bertsioari dagokionez, nik ez dut azken programa, azken aurrekoa baizik. Lasai hartu behar da. Besteak beste, azkenengo bertsioa izatea arriskutsua da, akats gehienak horrek baititu. Bestalde, hizkuntz aniztasun egoera batean ingelesa arriskutsua izan daiteke, baina gure kasuan arriskutsuagoak dira frantsesa eta gaztelera. Hor eragin behar dugu lehendabizi. Ez da beharrezkoa guztia itzultzea. Garrantzitsuena da erabakitzea zer itzuli behar den eta zer ez. Esaterako, daniarrek eta suediarrek ia ez dute nazioarteko informaziorik, ulertzen baitute euren irakurleek ingelesa ulertzen dutela eta beste komunikabide batzuk kontsumitzen dituztela informazio hori eskuratzeko. Garrantzitsuena komunikabideak, kultura eta unibertsitatea norberaren hizkuntzan izatea da”.
Soziolinguistika Klusterrari Internet bidez helarazitako galderetako bat honakoa izan zen: “Teknologia Berriei nola atera ahal diegu etekina euskararen erabilera eskolan bultzatzeko?”
G.Julio: “Jakintza Ikastolaren arrakasta da euskarazko tresnen erreferentziak erabiliz lortu dutela ikasleek tresna horiek bereganatu eta etxera eramatea. Prozesu horretan hezkuntzak duen garrantzia funtsezkoa da”.
Iratxe Esnaolak bere hitzaldian azpimarratu zuen .eus ekimenari atxikimendua emateak zuen garrantzia, “hor atzean komunitate zabal bat dagoela erakusteko”. Hala ere, guztiak ados zeuden esatean tamainak ez duela inporta.
V.Partal: “Tamainak ez du inporta, interesgarriena sortzea da”.
I.Esnaola: “Txikiak izanik ere, beste batzuk baino aktiboagoak gara”.
Galdera zehatz hori ere bota zuen entzuleetako batek: “Gazteleraz eginda ere eskatu ahal izango dut .eus domeinu bat?”
Iratxe Esnaolak argitu zuen oraindik irizpide horiek finkatu gabe dituztela baina bere iritzi propioa argitu zuen: “Euskaraz ez dagoen, baina euskal kultura sustatzen ez duen edozer gauza euskal kultura da, irizpideek ahalik eta zabalenak izan behar dute”.