Hezkuntza komunitatearen erreakzioak


2014ko irailaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua: “Lege osoaren aurkako helegitea jarria dugu Auzitegi Konstituzionalean”

“Oso albiste ona da, eta hilabete askotako lanaren emaitza da akordio partzial hau. Bi atalen inguruan lortutakoa da garrantzitsuena, kezka handia sortu duten atalak izanik: batetik, EAEko hizkuntza ereduek [gaztelaniaren eta euskararen arteko] beharrezko proportzioa betetzen dutela aitortzen du Espainiako Gobernuak eta beraz ez dira hizkuntzen tratamenduaren inguruko LOMCEren aginduak aplikatuko. Bestetik, ikastetxeetako zuzendaritzaren eta Eskola Kontseiluen arteko harremanak Eusko Jaurlaritzak kudeatzea onartuko du, eta neurri horren bidez, Eskola Kontseiluek duten funtzio garrantzitsua bermatzeko ahalmena izango dugu.

Dena den, akordio partzialak dira eta Jaurlaritzak LOMCEren aurka egoten jarraitzen du, lege osoaren aurkako helegitea jarria dugu Auzitegi Konstituzionalean, beti ere akordioaren bideari eutsiz eta gure eskura ditugun tresna guztiak erabiliz, LOMCEri aurre egiteko”.

 

Ana Perez, STEE-EILAS: “Ez gaude ziur benetan gestio demokratikoa egingo den, uste dugu zuzendariak izango duela azken hitza”

“Sorpresaz hartu dugu, ez genekielako ezer eta aurretik ez zaigulako ezer esan. Beste behin ere, indefinizio hutsa iruditu zaigu akordioa. Eskola Kontseiluen inguruan dio orain arte bezala jarraituko dela, baina ez gaude ziur benetan gestio demokratikoa egingo den, pentsatzen dugu zuzendariak izango duela azken hitza [eta ez guraso, irakasle, ikasle eta gainerako hezkuntza eragileek osatzen duten Eskola Kontseiluak], mezu indefinituak eman direlako: ebazpena ateratzen denean jakingo dugu benetan beteko den esaten dena [alegia, Eskola Kontseiluaren erabakiak kontuan hartuko dituela zuzendaritzak] ala despistatzeko teknika den.

Hizkuntzen auziari dagokionez, Kataluniako murgiltze ereduari oztopoak jartzen dizkio LOMCEk, EAEko hiru ereduen planteamenduak gaztelania ikastea bermatzen duelako. Aspalditik diogu hiru ereduen planteamenduak ez duela bermatzen ikasleen euskalduntzea, bai aldiz gaztelaniaren ezagutza, eta sistema hori gainditu behar dela, benetan elebidunak izango diren eta euskara erabiltzeko nahikoa trebetasun izango duten ikasleak nahi baditugu.

Akordioan ikastetxe publikoez baino ez aritzeak ere kezkatzen gaitu. Eta laburrean, balorazio eskasa egiten dugu, ausardia falta zaiolako Eusko Jaurlaritzari eta joko bikoitza darabilelako: gauza bat esan eta Espainiako Gobernuak dioena bete”.

 

Xabier Irastorza, ELA: "LOMCEk hezkuntza sistemari egiten dizkion oinarrizko erasoak kanpo uzten ditu akordio honek"

"LOMCEk hezkuntza sistemari egiten dizkion oinarrizko erasoak kanpo uzten ditu akordio honek eta beraz, ez du eraso horiei (eta LOMCEri) aurre egiteko balio. LOMCEk ezartzen du Espainiako Gobernuak erabateko kontrola izango duela bai curriculumean, pedagogian, eta ikuspegi sozial, politiko eta ideologikoan, Estatuaren menpe jarraituko dute elementu horiek guztiek eta kontrol mekanismo nagusiek (hala nola, azterketek).

Akordioari berari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak zerbait egiten ari den itxura eman nahi du halakoen bidez, baina oinarrizkoari ez dio heltzen. Eta oso larria dena, aurre egiten diola irudikatuz, desaktibatu egiten du LOMCEren aurkako mobilizazioa.

Eskola Kontseiluaren inguruko akordioaz, dena den, balorazio positiboa egiten dugu. Ikusi beharko da nola arautuko duen atal hori Eusko Jaurlaritzak, baina espero dezagun Eskola Kontseiluen gestio demokratikoa bermatuko duela, edo are demokratikoago izatea erraztuko duela.

Hizkuntzen kontuan, larria da lorpen bezala saltzea gure hezkuntza sistemarentzat muga dena: hots, murgiltze eredura jo beharrean, agortua dagoen hiru hizkuntza ereduen eskemari eustea. Hezkuntza eragile ia guztiek dioten moduan, ordea, euskara ardatz duen sistema ezarri beharko litzateke, hiru ereduen planteamendua gaindituz.

 

Aitziber Perez, LAB: "Hezkuntza komunitateak agortutzat ematen dituen ereduak mantentzearen aldekoa da akordioa"

"Cristina Uriartek eta EAJk izan duten jarrera salatu nahi dugu batetik, uda amaiera arte mantendu duten diskurtsoa izan delako ez zegoela akordiorik, eta gaur jakin dugu abuztuaren 29an sinatu zutela. Beti bezala, bi aldetara jokatu dute.

Zehazki akordioari dagokienean, juxtu akordioa lortu da Hego Euskal Herriko hezkuntza komunitateak agortutzat ematen dituen bi ereduen gainean, horiek mantentzeko: batetik hiru hizkuntza ereduen sistemak ez dituelako gure ikasleak osoki euskalduntzen, eta hiru ereduen sistema blindatu egin du EAJk, murgiltze eredua jarri beharrean abian. Eta bestetik, egungo Eskola Kontseiluak ez direlako parte-hartzea bermatzeko nahikoa, parte-hartze aktibo eta demokratikorako eredu berriak behar dira (esaterako, ikasleek askoz gehiago hartu beharko lukete parte bigarren hezkuntzan).

Ez da nahikoa dagoena defendatzea, urrats berriak eman behar dira, eraiki nahi dugunerako, hezkuntza sistema propioa lortzeko".

 

Gaizka Azketa, Ikasle Abertzaleak: “Egungo Eskola Kontseiluak ez ditu ikasleak aintzat hartzen”

“Akordioaren arabera, Eskola Kontseiluen jarduna ez da aldatuko, baina kontua da orain arteko Eskola Kontseilua ere ez dela egokia, ez baitu ikasleen parte-hartzea behar bezainbeste ordezkatzen eta aintzat hartzen. Hortaz, EAJ eta PPren arteko paktu hau ez zaigu aski.

Hizkuntzen aferari dagokionez, hiru ereduen eskemak ez du euskalduntzen eta hortaz, eredu horiekin jarraitzea adostu izanak ez dio benetako beharrari erantzuten, ikasleak euskalduntzeko beharrari, alegia.

Gure balorazioa da Euskal Herri osorako hezkuntza eredu propioa behar dugula, herritik herriarentzat eraikia, ikastetxez ikastetxe eta eskualdez eskualde, behetik gora diseinatua, ez alderantziz”.

 

Lurdes Imaz, EHIGE: “Aspalditik eskatzen dugu egungo hizkuntzen sistema gainditzea”

Gurasoen elkarteko bozeramailearen esanetan, “Eskola Kontseiluei dagokionez, positiboa da Eusko Jaurlaritzak berreskuratzea ikastetxeen kudeaketa ereduan erabakitzeko ahalmena [Espainiako Gobernuaren esku geratu beharrean]. Orain ikusteko dago zer egingo duen Hezkuntza Sailak: mantenduko ditu  Eskola Publikoaren Legeak Eskola Kontseiluei aitortzen dizkien konpententziak? Horren erantzuna jakin nahiko genuke ahal bezain laster.

Hizkuntzei dagokionez, euskal gizartea eta hezkuntza eragileak aspalditik eskatzen dugu egungo hizkuntzen sistema gainditzea eta akordio honek ez digu uzten bide horretan aurrerapausoak ematen.

Ez dugu ahaztu behar LOMCE aplikatzen ari dela jada gurean, eta  guk nahi dugun hezkuntza sistema eraikitzeko bidean aurrera egin beharrean, atzera egiten ari garela Erlijioa bezalako irakasgaiak indartuz, besteak beste”.

 

Alfonso Alonso, PP: “Konstituzionalean jarri duen helegitea kendu beharko luke Jaurlaritzak”

Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaileak Radio Euskadin adierazi duenez, “LOMCEk hezkuntzaren kalitatea hobetzea du helburu eta ondorioz gure ikasleek lehiakortasuna irabaztea Europan. Legeak ez du Eusko Jaurlaritzak hezkuntza arloan dituen eskumenak urratzen, eta eseriz gero, zentzuzko akordioak lor daitezke eta gaur hori da lortu dena. Eta hala izanik, Eusko Jaurlaritzak koherente izan nahi badu Konstituzionalean jarri duen helegitea kendu beharko luke”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude