Hegoafriakako Marikana eskualdeko meatzarien gehiengoak greban jarraitzen du, nahiz eta Lonmin meatze enpresak lanera itzultzeko ultimatuma eman. Erresuma Batuan egoitza zentrala duen enpresak asteburuan adierazi zuen astelehenean greban jarraitzen zuten langileak kaleratuko zituela. Hala ere gaur arte luzatu du epea.
Greban dauden 3.000 langileen gehiengoa ordea protestekin jarraitzearen alde agertu da bertako hedabideei egin dizkieten adierazpenetan:
“Dagoeneko badaude hildakoak, ondorioz ez daukagu ezer galtzeko. Sinesten dugunagatik borrokatzen jarraituko dugu”, dio Kaizer Madiba meatzariak Hegoafrikako Times egunkarian.
“Hobea da hiltzea kaka honengatik lan egitea baino. Nik greban jarrituko dut”, dio beste meatzari batek Hegoafrikako Mail & Guardian egunkarian.
Langileak abuztuaren 10az geroztik soldata igoera eskatzeko protestak egiten ari dira eta hainbat liskar izan dira geroztik, larriena ordea joan den ostiralekoa izan zen. Meatze inguruan protestan ari zirela poliziak 34 lagun hil eta gutxienez 70 zauritu zituen tiroz.
Hainbat hedabideren arabera Hegoafrikako Poliziako Ikerketa Independentearen Zuzendaritzak (IPID) 300 bala-zorro inguru aurkitu ditu meatzariak tirokatu zituzten tokian.
Hemen Al Jazeerak egindako bideoa ikus dezakezue:
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.