Apirilaren 15ean euskarazko hedabide berri bat sareratu zen, ZuZeu.com. Oraindik ez dute jendaurreko aurkezpenik egin, baina zenbait blog eta komunikabidek jada jaso dute notizia. Egitasmoak ikusmina piztu du eta proiektuaren sustatzaile Hasier Etxeberriaren ustez “horrek zerbait esan nahi du”.
Etxeberriak Digitalak produkzio etxeko Josu Erguin “engainatu” zuen eta berarekin batera eraman du proiektua aurrera. Gugeu irabazi asmorik gabeko enpresa sortu dute, baina oraingoz, “baliabide ekonomikoak lortu arte”, Digitalak produkzio etxeko azpiegitura pertsonal eta teknikoarekin hasi dira lehen pausuak ematen.
Zergatik eta zertarako sortu da ZuZeu.com?
Ni neu internet zalea naiz eta ibilia naiz Espainiako gune batzuetan lanean. Soitun ibili naiz ia urtebetez eta blogen esperientzia ere badut. Ikusten nuen albistari aldetik nahiko hila zegoela gure panorama. Ez nuen ikusten Internetetik Interneterako sortutako proiekturik. Alde batetik, paperean Berria eta zuek, ARGIA, zarete erreferente nagusi, eta egia da nahiko lan duzuela hori paperean egitearekin. Sustatu ere hor dago, bide heroikoa eta ezin ordainduzkoa egin duena, baina nire ustez motz geratzen zen.
Eurengana abiatu nintzen, esanez nire ustez bazegoela behar bat eta beraiekin bide bat egin nahi nuela. Hori ezinezkoa izan zen, faktore askorengatik, ez da inoren errua. Hura bi enpresaren gauza da eta ni xaxpikia nola naizen, gauzak ez zeukan behar zuen abiadura. Horregatik lagun bat engainatu nuen, nirekin bide luzea egina duena, Josu Erguin telebista produktorea, Digitalak produkzio etxekoa. Biok badugu halako sintonia bat euskararekiko.
Nik ez dut arduratu nahi hainbat arlori buruz (administrazioa, publizitatea, teknologia...) eta hark enpresan grafistak ditu, erredaktoreak ditu, bideo egileak ditu. Hark baietz esan eta horrela egin dugu. Bilboko Aitor Ortuondok (Guebs enpresa) ere laguntzen dit. Lehen ere berak lagundu izan dit Alua Munduan, Sukaldean eta nik ditudan blogetan.
Ezinezkoa zela esaten zigun mundu guztiak eta gu asko berotzen gara hori esaten digutenean. Ezin bada egin beharko da. Horrela aritu izan gara lehen ere beste proiektu batzuetan herri honetan. Hau beste bat da. Ikusiko dugu noraino iristen garen, baina momentuz hor zegoen basamortua; aizu, bada zerbait eta ez dut gutxietsi nahi inoren lana; baina astindu behar zen.
ZuZeu blogen blog bat da. Esan da blogak hilda daudela eta ni konbentzituta nago horrela dela. Nik zorte ona izan dut blogekin. Baina hainbeste blog dago bazterretan, zergatik ibili bakoitza bere bazterrean eta ez elkarren ondoan?.
Blogen bloga esaten duzunean, ZuZeuri antz handia hartzen diot Sustatuk egiten duenari. Badauka zentzurik euskarazkoa bezalako merkatu txiki batean antzeko beste proiektu bat sortzeak?
Ez dut uste ZuZeu Sustaturen berdina denik. Nik uste dut honek informazioari leiho zabalago batetik begiratzen diola.
Eta zergatik ez dauka zentzurik beste proiektu bat sortzeak? Hori erabiltzaileen esku dago. Erabiltzaileek eurek ikusiko dute ona den edo ez. Guk ez genuke inor ahuldu nahi. Hau dena aski geldoa zen panorama bat bizkortzeko asmoarekin egiten dugu, besteen osagarri izan nahiko nuke. Ez dut uste kaltea eragingo duenik. Nik uste dut alderantziz gertatuko dela, jende gehiago hasiko dela idazten, gauzak begiratzen. Konpetentzia sortuko balitz ere, konpetentzia naturala da.
Ekonomikoki baliteke esaten duzuna egia izatea. Ez dakit zer publizitate espazio dagoen. Baina gurea irabazi asmorik gabeko enpresa bat da. Horrek ez du esan nahi finantziaziorik bilatuko ez dugunik. Finantziazioa bilatuko dugu tresnaren beraren garapenerako. Guk ez dugu ahalmenik erredakzio bat osatzeko, argazki fondoak eskuratzeko... Ikusiko dugu zer bitarteko ekonomiko lortzen ditugun eta horren arabera garatuko gara edo ez.
Zer ezaugarri berri eskaintzen dizkigu ZuZeuk?
Nik uste dut ZuZeu planteamendu berri bat dela. Nik erabiltzen nituen bi edo hiru leku desberdinen (espainiar eta frantses batzuen) sintesi moduko bat dela, bakoitzetik onena hartuta.
Zein eredu dira horiek?
Neuk erabiltzen nituenak, egunero erabiltzen ditudan guneak. Nahiago nuke zehazki ez aipatu, oso partikularrak direlako. Ikusten dut horietan badirela era batzuk berriak direnak, ez direnak paperaren traspaso hutsa. Hau da, burua Interneten dutela, Interneten garapenean eta Internetetik eta Interneterako sortuak direla. Nik horrelako ereduak erabiltzen ditut.
Eta sintesi horretatik zer ateratzen da?
Editorialki gauza oso zabala da. Bi baldintza bakarrik daude: giza eskubide guztiak gizaki guztientzat eta euskaraz izatea. Uste dut horiek kolore guztietako euskaldunak biltzeko mugak direla, baldin eta mugak baldin badira.
Horizontala izango da, esan nahi baita erabiltzaileek eurek sortuko dutela informazioa eta bestela ez du aurrera egingo, euskarak ez baitu dirurik, 50 pertsonako erredakzio bat osatzeko. Guk azken finean informazioaren kudeaketa bakarrik egiten dugu–erabaki zer doan azalera eta zer ez–.
Bestalde, nik ez dut zalantzarik zer naizen. Ni euskalduna naiz eta kitto. Baina euskaldun izanda ere, espainolezko, frantsesezko, ingelesezko edo katalanezko webguneetan ibiltzen naiz. Orduan zergatik mugatu behar dugu gure esparrura?. Informazioa dagoen tokian dago eta horregatik egiten ditugu hainbeste esteka beste hedabideetara. Ez dut uste hori beste inork eskaintzen duenik. Alde horretatik ez dut uste konpetentzia garenik daudenentzat. Alderantziz, uste dut zubi lana egin dezakegula eta trafikoa bideratu.
Glotonia, gazteleraz gastronomiari buruz David de Jorgerekin batera zenuen bloga utzi izanak ba al du zerikusirik ZuZeuren sorrerarekin?
Bat ezin da denera iritsi. Hori oso ongi joan da. Madrildik fitxatu egin gintuzten, futbolari on eta garesti batzuk bezala. Baina dena delakoagatik bukatu da. Nik neure buruari galdetzen diot: Zer egiten dut? Jakina gastronomia gustatzen zaidala, baina gastronomia nire bizitzan bosgarren edo seigarren mailako entretenimendua da. Eta gainera, zer egiten dut nik espainolez idazten? Oso ongi etorri zait, ikasi dut eta ikusi dut. Baina nik badakit zein den nire lekua. Nire lekua euskaraz da. Blog hori itxi dudan bezala, itxiko dut Alua Mundua, bat ezin baita denera iritsi eta honek lan asko eskatzen du. Gainean egon behar da eta begiratu egin behar da. Nik jada ez dut blogik behar, hemen publikatuko ditut nire gauzak, espero dut beste batzuk ere berdina egitea. Zergatik ibili bakoitza bere txokoan?
ZuZeuk sare sozial handi bat bihurtzea al du helburu?
Teoriak badaude diotenak alferrik dela tresna bat sortzea sare sozial bihurtuko delakoan; alegia hori alderantzizko prozesua dela, arrazoi bat behar dela sare soziala sortzeko. Teorian gu kontrako zentzuan goaz, baina nik uste dut elkartzeko moduko arrazoia badagoela, Interneten albistari baten beharra.
Erabiltzaileek nahi badute ibiliko da eta bestela ez. Ez badu funtzionatzen kenduko dugu, dirua eta lana galduko dugu eta ez da ezer gertatzen.
Garaiz zaudete proposamenak egiteko. Gu ez gara guru batzuk, dirua eta lana jarri dugu eta kolore guztietako euskaldunak bildu nahi ditugu. Horixe bera pentsatzen genuen Egunkaria sortu genuenean.
Aipatu duzu euskal komunikabideen panorama nahiko hila ikusten zenuela. Egoera horri buruz zerbait gehiago gaineratu nahiko zenuke?
Ni urrundurik nabil paperetik. Baina, Los Angeles Times bezalako munstroak larri badabiltza, asmatu ezinik badabiltza, nola ibiliko dira gure ingurukoak. Nik ez dakit nola dabiltzan. Susmoa daukat garai txarrak datozela paperarentzat, vox populi da hori. Uste dut ezin dela aieneka egon eta ekin egin behar dela. Nik ez dut nahi euskarazko informaziorik gabeko etorkizunik. Paperezkoek aurrera jarraituko ahal dute!, baina nik hor ez dut agintzen. Aldiz, Internetek saiakerak egiten uzten dizu; azkarragoa da, ekonomikoagoa, biziagoa. Interneten porrotik ez dago.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403