Bata bestearen atzetik, erabaki gogorrak hartzen ari dira Europako agintariak krisiaren aitzakian. Neurriek eragingo duten kalteaz hitz egiten da; ez hainbeste erabaki horiek hartzeko moduaz eta abiaduraren faktoreak duen eraginaz. Gai horri heldu dio Neal Lawsonek New Statesman aldizkarian eta politikagintza mantsoago baten aldeko apustua egin du. Artikuluko pasarte batzuk itzuli ditugu:
"Politikan dena ari da azkartzen bizitzan dena azkartzen doan moduan. Epe-laburkeriak definitzen du ekonomia. (...) Gure kulturan janari azkarra da nagusi, beti komunikatzen, alde guztietan dauden hedabideak eta are azkarragoa den kontsumo-erritmoaren gurpila. Zaharkitzapena teknikoki eraikia ez ezik, psikologikoki barneratua daukagu. Eta gainera Txinak ez du inoiz lorik egiten eta inoiz ez da mantsotzen. Azkarrago korri egiten ez badugu, galdu egingo dugu".
"Politikarentzat ezinezkoa bihurtu da abiadura handiko patu hori saihestea. Politikariek ekonomia gizartearen mesederako kudeatzeari uko egin diote, (...) euren existentzia justifikatu behar dute gure bizitzetako esparru are gehiagotan eskuak sartuz, erritmo geroz eta azkarragoan. (...) Beraz gure hauteskunde sistemaren denbora-ziklo estuen barruan, bide errazetik jotzen dute; proiektu handinahia, legislazio pieza berri bat edo beste berrantolaketa erronda bat telebista kateen aste osoko 24 orduko programazioa betetzeko, lanpetu itxura eman eta jendea hunkitu. Abiadurak abiadura ereiten du, zure txanda urtebetean edo bian etorriko da ia seguru, beraz orain azkar ibili edo gero aizkorari aurre egin. Eta ez kezkatu, inor konturatzen denerako zenbat hasiberri-akats egin dituzun, beste posturen batean egongo zara".
"Gaur egun filosofia iraunkorra da, goitik eta azkar bakarrik inposatu daitekeela aldaketa. (...) Inolako ereduk ezin du sinetsi jendeak berari dagozkion gauzak alda ditzakeela bere kabuz. Elitismo gordina, pluralismoaren gainetik; aurrez ezarritako planaren politika eta ez elkarrekin ibili beharreko bidearen politika. Utikan jendeak euren akatsetatik ikasita hobeto ikasteko aukerari, boterea erabilia da jendearen gainetik eta ez jendearekin. Epe motza da epe luzearen gainetik".
"Abiadurari gurtza egin ordez, politika mantsoa behar dugu, aldaketa fundamentala eta sakon barneratua bilatuko duena. Horrelako politika geldoa oinarritzen da zera onartzean: esanahiez betetako aldaketak, aldaketa jasangarri eta herritarrak, denbora behar duela gauzak ondo egiteko, kontsentsuak negoziatua izan behar duela adostasun herritarra eraikitzeko eta aurrera egiteko; eta erabakiak partekatu egin behar direla jendeak aldaketaren jabe sentitzea nahi badugu. (...) Dortokaren politika da, ez erbiarena".
"Historiaren lezioa da, berdin da boltxebike edo blairita, ezin duzula historian bidezidorrik hartu. Saiatzen bazara, desastrea dator. Ez dira erreformak bakarrik denbora behar dutenak; benetako aldaketa hegemoniko transformatzailea ere prozesu mantsoa da. Hamar urte behar izan zituen ongizate estatuak 1930eko crash-etik agertzeko. Eskuin berriak hiru hamarkada pasa zituen sabelean boterea hartu baino lehen. Nire adibide gogokoena Suediako sozialdemokratak dira, 1930eko hamarkadan hartu baitzuten boterea eta astiro, seguru eta mantso nahiko gizarte ona eraiki zuten, goreneko mailara iritsi ez zena mende erdi beranduagora arte".
"Aldaketaren teoria diferentea behar dugu, printzipioak eta pazientzia uztartuko dituen bat. Horren helburua da norabide egokiari heltzea eta ahalik eta bidaide gehienak aurkitzea".

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.