Guatemala: bakean gerran adina jende akabatu daiteke

  • 200.000 herritarren heriotza eta beste milioi erdiaren ihesa eragin zuen 36 urteko gerra 1996an bukatu zen. Baina bake denboran kriminalitateak gerrateak adina jende hiltzen du. Agintariek gaixtaginen aitzakia egiten duten arren, adituek uste dute garbiketa sozial eta etnikoak jarraitzen duela.


2008ko ekainaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Guatemalako emakume bat

Joy Agner gazte iparramerikarra da unibertsitaterako lan bat prestatzen ari dena. Guatemalan dabil ikerketarako materialen bila. Hiriburuko liburudenda batean eskatutako fotokopiak noiz ekarriko dizkioten zain dago. Emakume edadetu bat da komertzioko jabea, moztaka, ilegorria. Gazteak fotokopiatzea eskatu dituen liburuetako bat Guatemala: Memoria del Silencio da, Nazio Batuek babestutako dosierraren emaitza. Emakumea gazteari datorkio: “Ba al dakizu honen egileetako bat asesinatu egin zutela?”. Agnerrek esplikatu dio alderatzen ari dela gerrate garaiko hilketa kopuruak eta oraingoak. “Gauzak berdintsu daude”, esan dio dendariak. “Deus ez da aldatu. Lehen suntsitu egin nahi gintuzten, eta gaur ere bai”.

 

Honela hasi du Joy Agnerrek bere The Silent Violence of Peace in Guatemala artikulua. Maiatzaren 14an publikatu du North American Congress on Latin America erakundearen webgunean. AEBetatik Latinoamerikarekiko elkartasuna bideratzen duen fundazio honek, hala dio aurkezpenean, salatu du bere gobernuak Hego Amerikan demokraziak irauli eta diktadoreak jartzeko egindako ahalegina, eta ondoren 1990eko hamarkadatik politika neoliberalekin kontinente osoan txirotasuna barreiatu izana.

 

Agnerrek aho askotatik entzun ditu iritzi berdinak. Mehatxu, lapurreta bortitz, bahiketa eta hilketak eguneroko ogia dira Guatemalako herritarren arteko solasetan. Ez da jendeen irudipena, estatistikek berresten dute. 1960tik 1996ra arteko gerra zibilean urtero gertatzen ziren bortizkeriazko heriotzen kopuruak gainditu dira. 1970-1996 epean urtean 5.000 homizidio suertatzen zen Guatemalan, eta 2006koak 5.884 izan ziren.

 

2001etik 2005era bitartean hilketak %60 gehitu ziren. Emakumeen heriotza bortitzak %127. Ikerlariari Guatemalako Giza Eskubideetarako Ombudsman edo Arartekoak aitortu dio horien guztien %10 “garbiketa soziala” bilatzen duten operazioek eragiten dituztela.

 

Ikara zabaltzen du herritarren artean bortizkeria izugarri horrek. Basakeria zaila da ulertzen eta normaltasunean jasaten. Txarrena da nahasmendu handia dagoela egileei eta errudunei dagokienez. Komunikabideak kriminalitateaz mintzo diren arren, zer-nor dago hiltzaileen atzean?

 

Aurreko gerran gertatu zena argitzen ahalegindu zen batzordeak Guatemala: Memoria del Silencio ikerketa berezian nabarmendu zuen sarraski eta krimen gehienak estatuak egin zituela, armadak, poliziak eta hauek kontrolatutako paramilitarrek. Hala ere, urte haietan komunikabideek hilketak nagusiki gerrillari leporatzen zizkioten. “Gaur –idatzi du Agnerrek– estatuak eta komunikabide nagusiek kriminalitatea bandei eta gaixtagin arruntei egozten diete, baina frogek erakusten dute Guatemalako Gobernuak zerikusi handia duela heriotz kopuru gero eta handiago horretan. ‘Genozidio eztia ari dira burutzen’, indigenen biltzar batean emakume bati entzun genion moduan”.

 

Gizartea ‘garbitzeko’ taktikak

 

Estatuaren egituretatik ere jaso du Joy Agnerrek iritzi bera. Giza Eskubideetarako Ombudsmanaren bulegora joan zenean galdezka, bertako kide batek eskatu baino informazio gehiago ekarri zion, eta gertatzen diren heriotza askoren giltzak esplikatu. “Gang edo mara famatuen kontua baino gehiago da. Hau estrategikoa da. Hau social cleansing da, gizarte garbiketa. Honetan sartuta daude agintariak”.

 

Bandek edo lapur arruntek eragiten dituzten hilketek ezaugarri nabarmenak dituzte: ahalik eta denbora gutxien edukitzen dute akabatutako gorpua berekin, ezin dute astirik galdu atxilotzea nahi ez badute, gorpuak berekin eramateko egiturarik ez daukate... Bandek norbait hiltzen dute edo beren buruak babesteko edo bestela mendeku gisa.

 

Aldiz, garbiketa soziala edo estatuak babestutako bortizkeria dagoenean tartean, oso ezaugarri ezberdinetakoak dira. Helburua gizarteko talde jakin bat suntsitzea eta izua zabaltzea dira. Horregatik, sarritan hilotzak modu basatian mutilatuta utziko dituzte, itoaraziak, zatikatuak, jipoi arrastoz beteta edo esku-oinak lotuta. Urteotan Guatemalan asko ugaritu dira mutilaturik edo tortura arrastoekin azaldu diren hilotzak. 2004an 22 izan baziren, 2005ean 305etara iritsi ziren.

 

Hilketok planifikatuak izan ohi dira, eta hiltzaileek jokabide horrekin nahi dute herritarren artean oihartzun handia lortzea. Horretarako dirua eta babesa behar dituzte hiltzaileek. 2005ean Guatemalan eraildako biktimen %12 maspilduta eta hil zituzten lekutik urrun aurkitu zituzten. Hau da: 648 gorpuzkin paraje estrategikoetan lagata, beste herritarrek aurkitu zitzaten espres utziak. Milaka herritarri egokitu zaio urteotan bidean holakoak aurkitzea, hilabete eta urtetan loa galarazteko moduko irudi ikaragarriak.

 

Estatuak garbiketa etniko eta sozial hau babesteko modurik xinpleena darabil: Guatemalan hilketarik ez da ikertzen. Ez da ikertzaile forenserik. Garbiketa sozialaren katoiak hala agintzen du. Nazio Batuen Erakundeak bidalitako ordezkari batek, Philip Alston-ek, salatu du nagikeria hori. Ez dela bitarteko faltagatik, Guatemala ez baita bere inguruko herrialdeak baino txiroagoa: bera baino pobreagoak diren El Salvadorren, Hondurasen eta Nikaraguan polizia, epaile eta auzi gehiago dauzkate.

 

Gerra garaian bortizkeria nagusiki landa eremuetan erabili bazen, orain sarraskiak hiriguneetan burutzen dira. Gerran “kontraintsurgentzia” egiteko aitzakian genozidioa eragin zuten militarrek. Soldadu eta paramilitarrek akabatutakoen gorpuzkinak bururik gabe, laurdenkatuta edo kixkalirik agertzen ziren, askotan izugarrikeria horiek biktimari hil ondoren eginda, jendearen izua handitzeko.

 

Gaur egun berdintsu gertatzen da, baina banda edo mara famatuen aitzakiatan. Helburu berarekin: herritarrak paralizatu, ez daitezela estatuaren kontra oldartu. NBEko aipatu ordezkari Alstonek hau zioen 2007ko txostenean: “Guatemalako Gobernuaren metodoak nekez bereizi daitezke kontraintsurgentziazko taktiketatik” eta “gaurko politika 1970-1980etan herrialdea hondamendira eraman zuen ‘nazio segurtasunaren’ dotrina famatu haren parekoa da”.

 

Estatuaren jokabide honen ondorioz, paradoxa dirudien arren, lehengo gerrillarik ezean orain babes bila gazte askok delako maretara jo du. Taldeotan dabiltzan edo ibili direnekin mintzatu da Joy Agner., eta horregatik dio: “Dudarik gabe Guatemalako hilketen ehuneko handia banden bortizkeriari egotzi behar zaio. Baina gang horietara zenbat gizon gazte ez da batu gobernuak berak zuzenka edo zeharka zabaldu duen izuaren erreakzio moduan?

 

2007ko azarotik presidente berria dauka Guatemalak, Alvaro Colom. Militarrek eta oligarkiak nahi ez zutena. Indarra beharko du.

 

Informazio gehiago


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude