EAk Erreniegan jarritako errepikagailuari esker, urtarriletik ETB ikus zitekeen Iruñerrian. Dagoeneko ez dago aukera hori, Guardia Zibilak zigilatu egin baitu hedagailua.
Urtarrilaren 11n emandako prentsaurrekoan, EAk bere gain hartu zuen ETB ikustea ahalbidetuko zuten gailuak erosi eta instalatu izana. Hala, ordutik hona posible izan da Iruñerrian ETBko zenbait kate ikustea. Ekintza horren bitartez, EAk agerian utzi nahi izan zuen Nafarroako Gobernua gezurretan ari zela, herrialde osorako gauza bera ez egiteko argudio gisa arazo ekonomikoak aipatzen zituenean. Prentsaurrekoan erakutsitako agirien arabera, Iruñerrirako errepikagailua jartzearen kostua ez zen 12.000 eurora iritsi; herrialde osoan ETB ikusi ahal izateko 40.000 euro besterik ez zirela beharko esan zuten EAko kideek.
Espainiar Gobernuaren erreakzioa EAren aurkako zigor espedientea irekitzea izan zen, errepikagailua baimenik gabe ipintzea egotzita.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.