Piztu Ezazu Argia gunera joan.

Greba soziala Altzan hasten da

2012-09-26
alde 0    kontra 1
Itxura hau zeukan Altzak gaur goizean.

Herri halabeharrez auzokatua. Donostiako periferia langilearen ikurretako bat. Altzak hirigintza hazkunde basatia bizi izan zuen 1960tik aurrera, bere eremu naturala galdu zuen, desitxuratua eta zatitua geratu arte. Altzak sufritu ditu Donostiako atzealdea –ekialdea– izatearen ajeak: industria birmoldaketa, langabezia, urbanizazio desordenatua, heroina, zerbitzu sozial falta... Eta orain krisia sufritzen du, beste inork baino gehiago. %16tik gorako langabezia tasa dago Altza auzo ofizialean, hiriburu tasarik handiena eta auzo vipetan dagoenaren bikoitza; herritarren zati bat pobrezia egoeran da, herri-plataforma eta elkarteek salatu izan dutenez. Greba egiteko arrazoirik ez zaie falta altzatarrei.

Gaur Altzara hurbiltzen denak ez du bereiziko zein denda dagoen greban eta zein ez. Azken urteetan hamaika denda eta saltokik itxi dituzte ateak krisiari aurre ezin eginez. Duela hilabete batzuk Donostiako Udaleko Sustapen arloak plan bat jarri zuen martxan Altzako kontsumo ohiturak aldatu eta langabeziari buelta emateko. Merkatari elkartearekin batean, bulegoa zabaldu dute 1.800 langabetuei informazio eman eta lan-poltsa osatzeko. Maiatzetik irailera arte 600 lagun igaro dira bertatik informazio eske. Auzotarrak kontratatzeko eta enpresa berriak sortzeko dirulaguntzak ere banatzen dihardute; helburua da urte amaiera bitartean gutxienez 200 lanpostu sortzea. Urrian enplegu azoka antolatu dute auzoan.

Baina epe ertaineko ahaleginek ez diete irtenbidea ematen eguneko larritasunak dituztenei. Altzan sortu zen Berpiztu elkartea 1980ko hamarkadan. Besteak beste elikagai bankuak kudeatzen ditu GKEak eta Altzako Larratxoko etxe-orratz infinitu horietako batean du lokal nagusia. Berpiztuk Gipuzkoako hainbat tokitan banatzen ditu elikagaiak; urtebetean bikoiztu egin da zerbitzu hori jasotzen duten herritarren kopurua, ia 1.000 dira egun. Larratxon jakiak banatzeko maiztasuna aldatu behar izan du Berpiztuk eskaera handia delako: lehen astero izaten zen, orain bi astean behin. Eta okerrago dena, kupoa jarri dute. Horrek esan nahi du badirela herritarrak egunerokoan oinarrizko jakirik ere ez dutenak.

Banketxeetako sukurtsalak pintadaz josita esnatu dira hemen: “I-26 greba orokorra. Lapurrak” jartzen du horietako gehienetan, Tontos handi bat gutxi batzuetan. Tuntunak? Larratxo inguruetan nabari da ez dela egun arrunta, BM-a itxita dago, ileapaindegiak, harategiak eta taberna gehienak ere bai... baina ezer gehiago ez.

Donostiako ekialdeko auzook nabarmendu dituzten aldarrikapen sozialen eta mugimenduen zantzurik ez da ageri. Badago zer pentsatua. Azkeneko greban, martxoaren 29koan, Altzako hainbat plataforma eta herritar mobilizatu ziren greba deialdiarekin bat eginez. Auzoko egoera salatzeko hitzaldiak antolatu zituzten eta manifestua plazaratu zuten. Oraingoan ez da halako ekitaldi publikorik izan. Irakasgaia bistakoa da: greba soziala egin nahi bada, hemendik hasi behar da, Altzatik.

Informazio gehiago:

Altzako Historia Mintegiaren webguneak auzoaren egoerari buruzko albisteak eskaintzen ditu.

Auzoa da Altzako merkatariak biltzen dituen elkartea.

Piztu ezazu argia
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
INPRIMATU

Publizitatea

azala  
azala2368
 
azala2367

2369 zenbakia.
2013ko maiatzaren 19a
AZALA PDF-n


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys