Greba orokorra, lan erreformaren kontrako abiapuntua
Urko Apaolaza| 2010-06-30

handitu txikitu

Duda zegoen ea bi asteko tartearekin greba orokorrak izango ote zuen nolabaiteko indarrik. Atzoko Euskal Herriko txoko gehienetako irudiak ez du duda izpirik uzten. Goizeko lehenengo orduetan lantoki eta poligonoetan bildu zituzten indarrak piketeek eta auto karabanek. Hainbat lekutan ezezagunek barrikadak jarri eta trenbideko katenaria moztu zuten. Martuteneko 27 poligonoan lan-jarduera eskasa izan zen. Bilboko Elorrietan 300 bat lagunek Termibuseko garraioa oztopatu zuten hiru orduz, ertzainak iritsi ziren arte. Istilu eta tentsio une larrienak goizean gertatu ziren.

Merkatalgune handien inguruan hainbat karga egin zituen Ertzaintzak; gero jakin zen eguerdi aldean Barakaldoko pertsona bat ospitalera eraman behar izan zutela poliziak egindako erasoaren ondorioz, greba.euskalherrian.info-k eman zuen horren berri. Atzoko egunean hiru lagun atxilotu zituzten eta beste dozena bat inputatu, lantokira joan ziren langileak “mehatxatu” edota ertzainen kontra “oldartzeagatik”. Ertzaintzak ez zuen inor inputatu langileak lan egitera behartzeagatik, eta momentuz ez dago jakiterik peskizarik zabaldu duen zentzu horretan.

Goiz erdi aldean sindikatuen mobilizazioak hiriburuetan biltzen hasi ziren. Lan erreformaren kontrako bataila hiriburuetan egingo zen. Gainerako herrietan, komertzio eta tailerrak, itxita egon ziren itxura batez. CCOOek eguerdian egin zuen lehen balorazioa. Gipuzkoako industrian paroa %90era iritsi zen zentral sindikalaren arabera, Bizkaian antzera, eta Araban gutxixeago. CCOOek ez zuen deialdia Nafarroara zabaldu. Nafarroan, Iruñean, manifestazio jendetsuena Gaztelu plazatik atera zen hamabietan. Grebak, intzidentzia handiena Nafarroa iparraldean eta Iruñerrian izan zuen.

Bilboko manifestazioaren buruan euskal sindikatu nagusietako idazkari nagusiak jarri ziren. LABeko Ainhoa Etxaidek hamabost egunetan greba orokorrik ezin dela antolatu esan zutenei zuzendu zitzaien manifestazioaren amaieran: “Milaka lagunek Hego Euskal Herriko kaleak bete dituzte”. Bai goizean hiriburuetan eta bai arratsaldean herri nagusietan egin ziren manifestazioetan 65.000 pertsona bildu zirela kalkulatu dute grebaren sustatzaileek. Egunaren amaieran industria sektoreko enpresen %65ak itxi zuela jakinarazi zuten eta zerbitzu sektore pribatuan ere greba erabatekoa izan zela.

Jarraipena komunikabideetan

Irrati publikoak orduro egin zuen jarraipena, modu oso kalkulatuan, herrialdez-herrialde lehenik eta sektoreka ondoren. Onda Vasca irratian Estatut-ari buruzko sententzia eta greba ziren albiste nagusienak, Bilboko Corte Inglesean izandako Ertzaintzaren karga zuzenean eman zuen irrati horrek. Ondoren bidaia agentzia baten publizitateari eman zitzaion paso. Tokiko zenbait komunikabideetan eta webgune batzuetan zuzeneko jarraipena egin zitzaion grebari; ARGIA.com-en Twitter bidez jarraitu zen greba, bai eta argazki eta audioekin ere. Komunikabide eta telebista kate nagusietan sektore publikoan grebak izandako eragin eskasa nabarmendu zuten.

Lakuak grebaren eragina baloratzeko neurgailu ezberdinak hartu zituen. Energia kontsumoa, joan den asteko asteartearekin konparatuz, %31 murriztu zela adierazi zuen, eta administrazio publikoan %8,3ak egin zuen bat deialdiarekin Jaurlaritzaren esanetan. Osakidetzan %6ak besterik ez. Sindikatuek zerbitzu minimoetan Lopezen gobernuak jarritako tasak salatu zituzten, beren uste gehiegizkoak izan direlako. Osasun publikoan %80ak lan egin behar izan zuen gutxieneko zerbitzu horiek bermatzeko.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak egin zuen eguneko balorazio bakanetako bat. Prentsaurrera atera zen esateko greba “ezberdina” (desigual hitza erabili zuen) izan zela eta “ez oso arrakastatsua”. Patronaleko ordezkariek, iaz bezalaxe, gogor hitz egin zuten grebaren kontra eta sindikatuek emandako zifrekin zerikusirik ez duten datuak eman zituzten. Confebask-en esanetan Araban industriaren %18ak itxi zuen, Gipuzkoan %25ak eta Bizkaian erdibideko batek.

Greba justifikatua

Datozen egunetan balorazio sakonagoa egingo dute grebaren eragileek. Atzoko gertaeren inguruan esku artean dugun informazioarekin, esan liteke grebak eragin handia izan zuela sektore gehienetan, batik bat industrian, eta patronalak emandako datuak –Adegiren ustez gipuzkoarren %75a “normaltasun osoz” joan zen lanera– ez datozela bat lantokietan ikusitakoarekin. Grebak irudi paradoxikoak utzi zituen, batez ere hiriburuetan, mobilizazio handienak eta tentsio une larrienak hor izan ziren, baina aldi berean zenbait merkatarik dendak irekitzea erabaki zuten eta jendea hondartzan edo aisian ere ibili zen.

Sindikatuak pozik dira, hamabost eguneko epean greba antolatu eta langileek erantzun zabala eman diotelako. Konparazio bat egite aldera, iazko greba ia bi hilabeteko tartearekin deitu zuten. Orduko hartan gainera, “anakronikoa” eta “justifikatu gabea” zela esan zuten haren kontrakoek. Atzokoa lan erreforma konkretu bat salatzeko greba izan da eta hitzak askoz gehiago neurtu dituzte zentzu horretan. Dena den, gehiengo sindikalak abisua bota du jadanik, ELAko Adolfo Muñozen esanetan “hau ez da mobilizazioaren amaiera, lan erreforma geldiarazteko borrokaren abiapuntua baizik”. Irailaren 29an Espainiako Estatuan greba orokorra deitu dute CCOOk eta UGT sindikatuek.

Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia