Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" (1929-2012)

Gorputz eta anima
Juan Martin Elexpuru| 2012-01-16

handitu txikitu
Juan Martin Elexpuru.
Juan Martin Elexpuru.

Gutariko askorentzat Txillardegi benetako zuzendari espirituala izan zen gure gazte denboran, Branka, Huntaz eta Hartaz, Leturia edo Elsa Schellen irentsi egin baikenituen irakurri baino gehiago.

1978tik aurrera, sarri gonbidatu genuen Bergarako UNEDera. Soziolinguistika, Fonetika edo Azentua bezalako gaiak jorratzen zituen sasoi hartan. Beste gai guztiak bezala, sakon, gorputz eta anima.

Teoria eta praktika uztartu zalea zen, eta Euskal Herrian Euskaraz taldearen sorreran ikusi genuen laster. Ordurako euskal letretako izen nagusietarikoa izan arren, militante xume baten gisa ezagutu genuen herriz herri egiten ziren bilera eta ekintzetan.

Gerora, Aralar sortu eta alderdian sartzera gonbidatu genuenean, berehala eman zuen pausoa, nahiz eta militantzia berria batere erosoa ez gertatu bere eguneroko bizitzan. Garbi zuen borroka armatuak mesede baino kalte gehiago egiten zuela dagoeneko, eta zerbait egin behar zela. Kide bat gehiago zen bileretan, eta zerrendetarako izena emateko ere ez zuen eragozpenik izaten. Maite zuen politika; sarri geratzen ginen pil-pilean zeuden gaiez mintzatzera. 2007an utzi zuen alderdia. Ez zitzaion batere gustatu hauteskundeetan Ezker Batuarekin elkartu izana. Garai bateko eztabaiden zauriak haragi bizian zituen oraindik, eta “felipeak beti felipe” izaten jarraituko zuten.

Makal ibili da azkenaldian. Zer zeukan galdetuta, zahartrosis erantzun ohi zuen umorez. Kartoizko txartel txukunetan idazten zituen gutunak. Nik jasotako azkenek 2009ko abenduaren bukaerako data dute. Oso interesatuta zegoen Iruña-Veleiako auziaz. Nire liburua eta beste hiru euskal filologoren txostenak irakurrita zeuzkan, eta zera idazten zidan, beste gauza askoren artean: “Hori guztia ikusita, zalantzarik ez diat: ‘grafito’ horiek benetakoak dituk. Eta hor somatzen den euskara euskalki arkaiko bat duk”.

Goitik beherainoko intelektuala izan da Txillardegi. Integrala, jakintza-arlo ugari jorratu dituena, politikan eta beste ezertan bustitzeko beldurrik izan ez duena. Kontzientziak agintzen ziona egiten zuena. Beroa. Heterodoxoa, baina ez nabarmenguraz. Apala, goxoa, entzuten zekiena, lagun ona. Maitagarria. Nik uste Euskaltzaindiko atea itxi zioten euskaltzainek ez zutela benetako Jose Luis ezagutzen.

Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 

Irakurleen iruzkinak

  • Anabel - 2012-01-18 12:34:36: Barkatuko didazu, baina nirea ez da ezizena. "Gizajoak" zuk esan duzu, ez nik. Aipatuko dizkidazu bost lan euskeraren historiari buruzkoak, Txillardegik idatzitakoak? Hori ez baitzen bere esparrua...
  • Juan Martin Elexpuru - 2012-01-18 08:54:41: Rastreroa iruditzen zait niri, Anabel, horrelako iruzkinak ezizenez sinatzea. Politikaz, literaturaz edo beste edozertaz zituen iritziez luze eta zabal hitz egin da egun hauetan, eta ez da ezer pasatzen, baina ai!, Iruña-Veleiari buruzkoak aipatzea rastreroa da. Hizkuntzaren historiaz gutxi zekien gizajoak, ziur asko zuk askoz gehiago jakingo duzu.
  • Anabel - 2012-01-17 15:22:20: Rastreroa iruditzen zait niri Txillardegiren heriotza erabiltzea Iruña-Veleiari buruzko ziritxoa sartzeko, bide batez. Ezen soziolinguista eta fonetista oso ona izan zen Txillardegi, baita nobelista ona ere, baina prestatu zituen zenbait edizio (Oihenarten atsotitzena, kasu) nahiko kaxkarrak izan ziren, eta hizkuntzaren historiaz gutxi zekien.

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia