Interneteko bilatzailerik indartsuenak, Googlek, banku baten izaera hartu du bezeroei maileguak eskaini eta diru-sarrera berriak lortzeko.
Pasa den astean Amazonek egin zuen apustuari jarraitu dio Google enpresak. Erresuma Batuan martxan jarri den proiektu hau lurralde gehiagotara “berehala” zabaltzea espero dute. Estatu Batuetan bi aste barru jarriko da martxan. Maileguen interesa %8,9koa izango da, Erresuma Batuko ohiko maileguak baino txikiagoa.
Googlek abantailak besterik ez ditu ikusten proiektu honetan. Batetik, publizitatea eta produktuak lortu ahal izateko dirua eskainiko die enpresei. Bestetik, Google enpresaren balantze ekonomikoari eragin negatiborik sortu gabe, etengabeko diru sarrerak ekarriko ditu. Gainera, Interneteko konpainia handien arteko lehiakortasuna areagotuko du. Horien artean sartu daiteke Facebook ere. Baina zerbitzu horiek enpresei bakarrik eskainiko zaizkie, eta ez norbanakoari.
Maileguez gain, Mountain View enpresak badu baimena enpresa elektriko gisa funtzionatzeko Estatu Batuetan. Horri esker, energiaren prezioa negoziatu eta datu-baseak indartu ditzake. Gainera, sobran daukan elektrizitatea beste enpresa batzuei salduko die.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.