EAEn “seguru aski” gizarte prestakuntzetan murrizketak izango direla azaldu du Juan María Aburto Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak, nahiz eta ez duen zehaztu zehazki zein arlotan. Ricardo Gatzagaetxebarriak ere aste honetan aurreratu du osasunari eta hezkuntzari “zerbaitek eragin beharko” ziola.
Aburtok bere sailaren ildo nagusiak aurkeztu berri ditu. Lehentasuna enplegua dela adierazi du, eta zeharkako politiken eskumenen transferentzia eskatuko dio Espainako Gobernuari. Iñigo Urkulluk enplegu plan bat aurkeztuko duela jakinarazi du. Gehienbat, gazteei zuzenduta egongo da, eta “autoenplegua eta jarrera ekintzaileak sustatzeak garrantzia handia edukiko du”. Etxebizitzan ere gastua jaitsiko dela aurreratu du. Bere ustez, hobea da horretan aurreztea gizarte prestakuntzetan baino.
Gizarte zerbitzuetan berrordainketak aplikatuko dituztela azaldu du sailburuak. Zehazki non izango diren esan ez badu ere, adinekoen egoitzetan izan daitekeela aipatu du. Dena den, ez omen ditu bi “marra gorri” zeharkatuko: prestaziorik gabe geratzea ordaindu ezin izateagatik, alde batetik, eta botere ekonomiko handiagoa izateagatik gehiago ez edukitzea, bestetik.
Sindikatu eta enpresarien arteko elkarrizketa premiazkoa dela azpimarratu du. Izan ere, milaka langileren eskubideak “pikutara bidaltzeko arriskua” dago. Halaber, beren etxebizitzetatik kaleratuak izan diren pertsonetan arreta jarriko dutela esan du, alokairu soziala bultzatuz, “botere publikoek etxebizitza, eta ez jabetza, bermatu behar baitute”.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.